ostirala

Trotsky: Zergatik daude marxistak terrorismo indibidualaren aurka?



ZERGATIK ARBUIATZEN DUTE MARXISTEK TERRORISMO INDIBIDUALA?


(L. Trotsky)

Gure klase etsaiak gure terrorismoaz kexu izan ohi dira. Hori nola ulertzen duten ez dago oso argi. Klase etsaiaren aurkako proletalgoaren edozein ekintza terroristatzat jo nahiko lukete. Beraien ustez grebak jarduera terrorista inportanteenak dira. Greba mehatxu bat, piketeen antolakuntza, patroi esklabista bat boikotatzea, gurekin militatu duen traidore bat moralki boikotatzea —hori guztia terrorismoa omen da. Klase etsaia kaltetzen edo ikaratzen duen edozein ekintza horrela kontsideratzen badugu, orduan, noski, klase borroka guztia terrorismoa baino ez da. Eta orduan bakarrik faltako litzateke jakitea politikari burgesek beren sumindura eta negar morala uholdeka isurtzeko eskubidea duten jakinda bereien Estatua, beraien legeak, beraien polizia eta beraien armada terrore kapitalista erabiltzeko aparatu bat besterik ez dela!


Baina zehaztu behar da terrorismoa aurpegiratzen digutenean saiatzen direla —ez beti kontzienteki— hitz horri zentzu literalago bat ematen, zeharkakoagoa.

Hitz hori zentzu zehatzean hartuz gero, langileek makinak hondatzea, adibidez, terrorismoa izango litzateke. Enpresaburu bat hiltzea, lantegi bati su ematearen mehatxua edo bere jabea hiltzearen mehatxua, gobernuko ministro bat, pistola eskuan, hiltzen saiatzea —ekintza horiek berez jarduera terroristak dira bere zentzu oso eta errealean. Dena den, nazioarteko sozialdemokraziaren [marxisten] benetako izaeraren ezagutza duenak jakin beharko luke beti, erarik tinkoenean, terrorismo mota hori arbuiatu dela.

Zergatik?

Terrorismoa egitea greba mehatxu baten bidez, edo greba bat antolatzea, industria-sektoreko langileek soilik egin dezaketen zerbait da. Greba baten esanahi soziala zuzenean bi faktoreren menpe dago. Lehenengoa: Eragiten dion enpresaren edo industria-adarraren inportantzia. Bigarrena: Parte hartzen duten langileen antolakuntza maila, diziplina eta borrokarako gogoa. Horrek bai greba politikoetarako bai greba ekonomikoetarako hartu behar da kontuan. Gaur egungo gizartean proletalgoak duen eginkizun produktibotik zuzenean ondorioztatzen den borroka bidea da.


TERRORISMO INDIBIDUALAK MASEN PAPERA MESPRETXATZEN DU

Sistema kapitalistak superestruktura parlamentario bat behar du garatzeko. Baina ezin du gaur egungo proletalgoa ghetto batean giltzapetu, lehenago ala beranduago utzi behar die langileei parlamentuan parte hartzen. Hauteskunde guztietan proletalgoaren masa izaera eta bere heldutasun politikoaren maila agerian geratzen da —bi “quantum” horiek, beste behin ere, langileen rol sozialak ezartzen du, hau da, batez ere bere eginkizun produktiboak.


Greba batean, hauteskundeetan bezala, borrokaren metodoa, helburua eta emaitzak proletalgoak klase bezala duen rol sozialaren eta indarraren menpe dago. Soilik langileek antola dezakete greba bat. Lantegi batek porrotera eraman dituen artisauak, fabrika batek kutsatu dituen uren kaltedunak diren nekazariak, edo harrapaketarako prest den lumpenproletarioak makinak hautsi ditzakete, lantegiari su eman edo bere jabea hil.

Soilik langile-klasea, kontzientea eta antolatua, bidali dezake giza talde handi baten ordezkaritza bat parlamentura proletalgoaren defentsarako. Aldiz, pertsonaia ofizial bat kalean hiltzeko ez da beharrezkoa masa antolatuen babesa izatea. Lehergaiak egiteko formula denen eskura dago eta edonork lor dezake Browning bat. Lehenengo kasuan erregimen sozialaren izaeran dute sorburu borroka sozial horren metodoak eta bideak; bigarrenean erabat mekanikoa den erantzun bat da, berdina edonon —bai Txinan bai Frantzian—, oso txundigarria itxuraz (hildakoak, leherketak, eta abar) baina guztiz antzua sistema sozialari dagokionez.

Greba bat, naiz-eta inportantzia gutxikoa izan, eragin sozialak ditu: langileak euren buruan duten konfiantza areagotzen da, sindikatuak indartzen dira, eta, sarri, produkzio-teknologian hobekuntzak eragin ditu. Atentatu terrorista batek, naiz-eta ondo atera, klase menperatzailean nahasmena eragitea egoera politiko zehatzaren egoeraren araberakoa da. Baina hala eta guztiz ere, nahasmen hori laburra da beti; estatu kapitalista ez da oinarritzen gobernuko ministroetan eta ezin da suntsitua izan beraiekin batera. Zerbitzatzen dituen klaseek beti aurkituko dute ordezkoren bat; makinaria bere horretan jarraituko du eta martxan segituko du.

Baina atentatu terrorista batek langileriarengan sortzen duen nahastea sakonagoa da. Helburua lortzeko aski baldi bada errebolber batekin armatzea, zertarako klase borrokaren esfortzua?

Bolbora pittin batekin eta berun pixka batekin etsaiaren lepoa zulatu eta hiltzeko aski baldin bada, zertarako behar da klase antolakuntza? Goi mailako pertsonaiak izutzeko bonben danbatekoaz baliatzea zentzua baldin badu, beharrezkoa al da alderdi bat? Zertarako mitinak, masen agitazioa, hauteskundeak, parlamentuaren galeriatik ministroen eserlekuak erraz ikustatu badaitezke?

Gure ustez banakako terrorea onartezina da hain zuzen ere masen papera gutxiarazten duelako euren kontzientzian, euren ezintasunean etsitzen direlako eta heroi mendekatzaile eta askatzaile bat bilatzera bultzatzen dituelako, egunen batean etorri eta bere misioa burutuko duena. “Ekintza bidezko propagandaren” profeta anarkistek ekintza terroristek masen artean duten eragin bizigarri eta suspergarriei buruzko guztia mantendu dezakete. Gogoeta teorikoak eta esperientzia politikoak guztiz aurkakoa gertatzen dela frogatzen du. Ekintza terroristak gero eta “eraginkorragoa” izan eta zirrara gehiago sorrarazi, orduan eta gehiago mugatzen da masen interesa beren auto-antolakuntzan eta auto-hezkuntzan.

Baina nahasmena kea bezala desagertzen da, izua desagertzen da, ministro berri batek hildakoaren lekua hartzen du, bizitza bere egunerokotasunera itzultzen da eta esplotazio kapitalistaren gurpila lehen bezala bira egiten du; soilik errepresio poliziala basatiagoa bihurtzen da, bere buruarengan ziurtasun gehiagorekin, lizunkoiago. Eta, ondorioz, artifizialki sortutako esperantza eta asaldura desilusioak eta geldotasunak ordezkatzen du.

Erreakzioaren ahalegina grebak eta langileen masa mugimendua geldiarazteko orokorrean beti amaitu dira, edonon, porrotarekin. Gizarte kapitalistak proletalgo gogotsu, eraginkor eta azkar bat behar du; horregatik ezin du denbora luzez lotuta mantendu. Aldiz, ekintzaren aldeko propaganda anarkista agerian jarri du behin-eta-berriro Estatua askoz oparoagoa dela suntsiketa fisiko eta errepresio mekanikoen bitartekoei dagokionez talde terroristak baino.

Hori egia baldin bada, zer gertatzen da iraultzarekin? Ezinezkoa ote da, beraz, ezarritako erregimena dela-eta? Inola ere ez. Iraultza ez da bitarteko mekanikoen batura soil bat. Iraultza bakarrik gertatuko da klase borrokaren areagotzearen ondorioz, eta bere garaipenerako berme bakarra proletalgoaren funtzio sozialean datza. Masen greba politikoa, altxamendu armatua, Estatuaren boterearen konkista —hori guztia produkzioak erdietsi duen garapen mailaren, klase indarren lerrokatzearen, proletalgoaren pisu sozialaren, eta azkenik, armadaren osaketaren menpe dago, garai iraultzaileetan indar armatuek Estatuaren boterearen zoria erabakitzen duen faktorea delako.

Sozialdemokrazia [marxismoa] aski errealista da gaurko baldintza historikoetatik garatzen den iraultza ez saihesten ahalegintzeko; alderantziz, begiak ongi irekiak dituelarik bere gain hartzen du. Baina anarkistak ez bezala, eta beraiei kontrajarririk, sozialdemokrazia [marxismoa] proletalgoaren indar iraultzaile eskasa prozedura kimikoen ordez gizartearen garapena artifizialki behartzea helburu duen metodo eta bide guztiak arbuiatzen ditu.


Borroka politikorako bitartekoaren kategoriara sustatua izan baino lehenago, terrorismoa mendeku indibidualerako ekintza gisa agertu zen. Horrela izan zen Errusian, terrorismoaren sorterri klasikoa. Zenbait preso politikok jasan zuten zigorrek Vera Zasulitx mundu guztiak zuen sumindura sentimendua Trepov jenerala erailtzen saiatuz adieraztera bultzatu zuen. Bere jarraibidea masa oinarririk ez zuten intelligentsia iraultzailearen taldeen artean imitatu zuten. Eta mendeku ekintza buruarin bat bezala hasi zena benetako sistema bat bihurtu arte garatu zen 1879-1881 artean. Anarkistek Europa Mendebalean eta Iparramerikan burututako erailketa-boladek beti gobernuak egindako ankerkeriaren bati (grebalarien aurka tiro egiteari edo oposizioko politikariak exekutatzeari) erantzuten zioten. Terrorismoaren kausa psikologiko nabarmenena ihesbide bat bilatzen duen mendeku sentimendu bat izan da beti.

Ez da beharrezkoa errepikatzea sozialdemokraziak [marxismoak] ez duela inongo antzekotasunik atentatu bakoitzaren ondoren giza bizitzaren “balio absolutuaz” adierazpenak egiten dituzten moralista salgarri guzti horiekin. Pertsona horiek berak, beste egoera batzuetan eta beste balio absolutu batzuen izenean —nazioaren ohorea edo monarkaren sona, esate baterako— prest daude milioika lagun gerraren infernura bidaltzeko. Gaur beren heroi nazionala jabetza pribatuaren eskubide sakratua aldarrikatzen duen ministroa da, eta bihar, langileen esku etsitua ukabil batean ixten denean edo arma bat altxatzen dutenean, indarkeria modu ororen onartezintasunaren aurka era guztietako kirtenkeriak esango dituzte.

Esan dezatela nahi dutena moralaren eunuko eta fariseuek, mendeku sentimendua zilegia da oso, eta langile-klasearen hardura morala da ez begiratzea bizi garen mundurik hoberena den hau modu axolagabe eta pasiboan. Sozialdemokraziaren [marxismoaren] lana ez datza proletalgoaren asegabeko mendeku gosea lasaitzean, baizik-eta geroz eta gehiago areagotzean, sakontzean eta injustizia eta giza maltzurkeria ororen benetako kausen aurka zuzentzean.

Atentatu terroristen aurka baldin bagaude mendeku indibidualek asetzen ez gaituztelako da. Sistema kapitalistari pasa behar diogun fakturaren ordaina garestiegia da ‘ministro’ izena duen edozein funtzionarik kitatu ahal izateko. Gizateriaren aurkako krimen guztiak eta giza gorputz eta gogoak pairatzen dituen duineztasunak ikusten ikasi behar da, gaur egungo sistema sozialaren ondorio eta espresio desitxuratu guztiak bezala, gure indar guztia elkartzeko bere aurka borrokatzeko. Hori da mendeku gose biziak hartu behar duen norabidea bere asetze moral handiena erdiesteko.



L. TROTSKY, Zergatik daude marxistak terrorismo indibidualaren aurka? (1911ko azaroa, Der Kampf)