Liga Komunista
Internazionala:
Langileriak bere burua
defenditu behar du
Hautsi proletalgoari traizio egiten diotenekin!
IV. Internazionala berreraiki!
( jatorrizko bertsioak: https://spartacist.org/catala/fullet/2021-05-confinaments.html )
[Itzulpen ez ofiziala]
Osasun
arreta miserablea, etxebizitza kaskarra, etekinak lortzeko produkzioa,
azpiratze inperialista: klase kapitalistaren menderakuntzaren izaerak berak
mundua suntsitzen duen krisi ekonomiko eta sanitarioa hauspotzen du,
Covid-19aren agerraldiaz geroztik. Burgesia parasitarioek beraien interesak
hobekien babesten dituzten neurriekin erantzun diote pandemiari, populazio osoa
indarrez itxi dutelarik beraien etxebizitzetan, txertoaren zain.
Burgesiak
ezarritako konfinamenduak osasun publikoko neurri erreakzionarioak dira. Langileek
aurre egin behar diete! Konfinamenduek infekzioen erritmoa mantsotu dezakete
aldi batez, baina langileriaren borroka-ahalmena ahultzen dute.
Industriaren eta zerbitzuen adar osoak itxiz, krisi ekonomikoa sortu eta jende
andana langabezian utzi dute. Eskolak eta haurtzaindegiak itxiz familiaren
karga zapaltzailea areagotu dute. Estatuaren errepresioa izugarri handitu da,
aldi berean, langileriaren eskubideak eta eskubide demokratikoak zapuztu
dituzte. Batzarrak, manifestazioak, bidaiak, grebak, sindikalizazioa: denak
mugatuak edo debekatuak izan dira. Konfinamenduek proletalgoaren borroka
galaraztea dute helburu, borroka hau langileek benetan beraien osasuna babestu
eta krisiaren kausa sozialei aurre egiteko duten modu bakarra delako.
“Denon arteko sakrifizioaren” izenean
kapitalistak blitzkrieg baten bidez
langile-klasearen aurka oldartu dira. Eraso
antisindikalak, kaleratze masiboak, soldata murrizketak eta lan-erritmoen
bizkortzea “normaltasun berria” bilakatu dira. Langileria desarmaturik dago
birus hilgarriari eta oldarraldi kapitalistari aurre egiteko. Munduan zehar,
sindikatu eta alderdi proletarioen barnean dauden buruzagi kapitalistazaleek
klase menderatzailearen erasoaldiari laguntza leiala eman diote. Batasun
nazionalaren aldeko eta birusaren aurkako borrokaren izenean, proletalgoari traizio
egiten diote.
Alderdi laborista ingelesa eta australiarra, Alemaniako
Alderdi Sozialdemokrata eta Die Linke, PS eta PCF, eta Hegoafrikako Alderdi
Komunista; langileriaren buruzagi traidoreek funtsezko papera dute
konfinamenduak betearazteko, maila lokalean zein maila nazionalean; langileek
eta zapalduek konfinamendu hauek jasan behar izan dituzte. Estatu Batuetako
AFL-CIOtik hasi eta sindikatu mexikar eta italiarrekin jarraituz, edo Japoniako
Rengo, Zenroren eta Zenrokyo konferderazioak halaber. Buruzagi sindikalek
burgesiaren neurriak babesteko deia egiten diete beraien kideei: etxean egon
eta izorra zaitezte!
Langileriaren osasuna eta bizi-baldintzak defenditzea
premia handia du, eta horrek agerian uzten du langile-mugimenduaren
zuzendaritza berri bat forjatzea beharrezkoa dela. Sindikatuek aurre
egin behar diete estatu kapitalistaren ixte industrialei, eta
lan-baldintza seguruen alde egin behar dute.
Osasun-arretaren eta etxebizitzaren infraestruktura kaskarra berreraiki eta
hedatu behar da berehala. Kapitalisten eraikin hoberenen jabetza hartu behar
da, aldi berean obra publikoen aldeko programa handi bat ezarriz, langileek
bizi-baldintza duinak izan ditzaten.
Urrats bakoitzeko, langileen eta zapalduen oinarrizko
interesek talka egiten dute klase kapitalistaren menderakuntzaren zutabeen
kontra. Gaur egungo krisiak zorrotz azaleratu du emakumeak familiaren
kateetatik askatu behar dela, zapalkuntza arrazista amaitu behar dela,
esplotazio inperialistatik askatzeko beharra. Humanitateak aurrera egiteko bide
bakarra, langileen iraultzak antolatu eta ekonomia sozialista planifikatu
internazional bat eraikitzea da.
Egungo
langile-mugimenduaren buruzagien eta beraien morroi sasi-marxisten erabateko
porrotaren aurrean, hil-edo-biziko afera planteatzen zaie klase kontzientzia
duten proletarioei : benetako marxismo-leninismoaren, hau da, trotskismoaren
programa iraultzailean oinarrituriko zuzendaritza bat beharrezkoa da. Liga
Komunista Internazionalak (IV. Internazionalaren aldekoa) abanguardiako alderdi
leninista internazional bat eraiki nahi du, proletalgoari kontzientzia
iraultzailea eman eta langileen boterea ezartzeko. IV. Internazionala
berreraiki, iraultza sozialistaren aldeko nazioarteko alderdia!
Behera klaseen arteko kolaborazioa eta batasuna nazionala!
Azken
urtean, LKI Liga Komunista Internazionalak konfinamenduak beharrezkotzat hartu
ditu. Ildo hori gaitzesten dugu. Bizitzak salbatzeko, klase guztiek
konfinamenduak babestu behar dituztela dioen “batasun nazionala”ren deiadarrari
men egin genion.
Ustezko arrazoi unibertsal honengatik, buruzagi
sindikalek proletalgoaren interesak atsegin handiz sakrifikatu dituzte.
Pandemiaren kontrako borroka, eta osasun publiko orokorra orobat, ez dago klase
antagonismoen gainetik. Kapitalistek “bizitzak salbatzeko” duten kezkaren
atzean klase interesak daude benetan. Burgesiak osasun publikoan duen interesa
hauxe da: bere osasun propioa babesten duen bitartean, esplotatua izateko gauza
den lan-indar nahikoa eduki nahi du, ahalik eta kosturik merkeenean. Helburu
erreakzionario horren aurrean, proletalgoari denon bizi-baldintzak eta osasun
zerbitzu hoberena ziurtatzea interesatzen zaio. Klase interes horiek erabat
antagonikoak dira, ez daude bateratzerik, pandemiarekin edo gabe. Soilik
burgesiaren kontra independenteki mobilizatuz gero defenditu ditzake
langileriak bere osasuna eta bere segurtasuna.
Burgesiak xantaia egiten die langileei, beraien interesen
alde borrokatuz gero gaixotasuna zabalduko dela esaten die: batzar sindikalek
eta manifestazioek osasun publikoa mehatxatzen omen dute; osasun-langileek
jendea hiltzen omen dute lan-baldintza hobeagoen alde borroka eginez gero;
eskolak eta haurtzaindegiak itxita egon behar omen dute, haurrak babesteko.
Gezur handia! Konfinamenduen kontra borrokatzea gaur egungo hondamendiaren
kausa sozialei heltzeko nahitaezko abiapuntua da. Batzar sindikalak funtsezkoak
dira langileek beraien burua defenditzeko. Osasun-langileen borroka,
osasun arreta hobe bat izateko bidea da. Eskolen eta haurtzaindegien itxieren
aurkako borroka, eskola eta haurtzaindegi hobeak izateko kondizio da —eta
emakumeen emantzipazioaren aldeko borrokari mesede egiten dio.
Trotsky buruzagi boltxebikeak, Kapitalismoaren agonia eta IV. Internazionalaren eginbeharrak
lanean (1938), hauxe idatzi zuen:
“Esplotazioan oinarrituriko gizarte batean,
moralaren gradurik gorena iraultza soziala da. Langileen klase-kontzientzia
handitzen, beraien indar propioetan konfiantza edukitzen, eta borrokan
sakrifikatzeko prestasuna izaten laguntzen duten bitarteko guztiak onak dira.
Bitarteko onartezin bakarrak zapalduei beraien zapaltzaileen aitzinean beldurra
izan eta makurtzea bultzatzen dutenak dira”
Burgesiak beti erabiltzen ditu inperatibo moral gorenak,
“bizitzak salbatzea” adibidez, beraien krimenak zuritzeko. Inperialista
alemanek eta frantsesek Europar Batasuna erabiltzen dute Europa osoko
proletalgoari lapurtzeko, “bakearen” eta “aurrerabide sozialaren” izenean.
Estatu Batuetako inperialistek eta NATOko kideek Libia, Irak, Afganistan eta
beste herrialde asko suntsitu dituzte “demokraziaren” eta “askatasunaren”
izenean. Somalia inbaditu zuten 1992an, “gosetiei janaria” eramateko. Burgesiak
“bizitzak salbatzeko” beharraz oihu egiten duenean, bere asmoa beti
izango da klase menderatzailearen aurrean sumisioa barneratu eta beraien
interesak kohesionatzea batasun
nazionalaren bitartez.
Sindikatuek kontrolatu behar dute laneko segurtasuna!
Estatu
kapitalistaren muina poliziek, presondegiek, armadak eta tribunalek osatzen
dute; bortxa organizatuaren aparatu bat da, klase zapaltzailearen menderakuntza
eta irabaziak mantetzeko xedea du. Nahiz eta marxistok Estatuak osasun
publikoaren alorrean ezarritako zenbait neurri babesten ditugun, langileriari
mesede eginez gero —nahitaezko txertaketa, adibidez— , jarrera suizida izango
litzateke Estatuarekin konfiantzarik izatea laneko segurtasuna eta osasuna zaintzeko.
KKE
Greziako Alderdi Komunistako stalinistak adituak dira marxismoaren funtsak desitxuratzen.
Sindikatuen barnean duten aldarrikapen nagusietako bat hauxe da:
“Birusaren
zabaltzea eragozteko kontrol sanitarioa, Estatuaren agentzien kontrolpean,
Pireo-ko portuan, COSCO-n [ontzi-enpresa], bukeetan, ontzioletan, fabriketan, eta
milaka langilek lan egiten duten industrietan”
— Rizospastis (apirilaren 1a)
Horrek, langileria Estatu kapitalistari lotzea esan nahi du; Estatuaren osasun-agentzien on-ustean lilurakeriak izatea eragiten du. Langileek lan-segurtasunaren kontrol sindikalaren alde borrokatu behar dute. Sindikatuek, eta ez Estatu kapitalistak, ezarri behar dute ze kondizioetan egin daitekeen lan modu seguruan.
Sindikatuak langileria defenditzeko oinarrizko
organizazioak dira. Beraien helburua langileak lantokian defenditzea da,
beraien borroka ez da langileak etxean geratzea. Herrialde askotan, ordea,
irakasleen sindikatuen buruzagiek gobernuek eskolak itxita mantentzearen alde
borrokatu dira, irakasleak eta ikasleak
“babestu” asmoz. Adorerik gabe, eskola seguruen aldeko borrokari uko egitea da
hori. Burokrazia sindikalaren politika “etxean sartu eta itxoitea” da, baina
horren aurrean, buruzagitza klasista bat eraiki behar da, eta bere funtsa
oinarri sindikalen eta langile-mugimendu osoaren mobilizazioa izan behar du,
eskola hobeagoen eta lantoki seguruen alde.
Proletalgoa batu eta indartzeko sindikalizazio kanpainen
premia handia dago. Aldi baterako langileak eta azpikontratatuak sindikatuen
barnean egon behar dira, soldata osoak eta baldintza berdinak dituztelarik.
Botere sozial gutxiko langileen sindikalizazioa —txikizkako salmenta,
jatetxeak, tabernak, etxez etxeko banaketa, eta abar— langile mugimendu
organizatuaren babespean egongo da.
Ekonomia berrabiarazi ! Langabeziari aurre egin!
Langileriaren
buruzagi traidoreen atoian, sasi-trotskistak burgesiaren aurrean makurtu dira.
Lute Ouvrière, Korronte Marxista Internazionala (IMT), World Socialist Web
Site, Talde Internazionalista, Frakzio Trotskista-Laugarren Internazionala eta
gainontzekoak: denek onartu dituzte konfinamenduak, proletalgoari traizio
eginez.
IMT-k, adibidez, hauxe eskatu zuen: “Funtsezkoa ez den produkzio oro berehala gelditu behar da. Langileak
etxera joan behar dute soldata osorik jasoz, behar den denboraz”
(marxist.com, 2021/3/21). Aldarrikapen erabat erreakzionario horrek beste
kaleratze gehiago baino ezin ditu lortu! IMT-k langileriaren parte bat
langabezian hondoratu eta laguntza publikoen menpe utzi nahi du.
Langile-klasearen botere soziala produkzioan duen
funtziotik sortzen da.
Langile-mugimenduak kaleratzeei eta lan-murrizketei aurre egin behar dio,
sindikatuak kontratazioaren eta formakuntzaren aldeko borroka zuzendu behar
duelarik; lanaldi laburrago baten alde egin behar dute halaber, soldata murriztu
gabe, esku guztien artean lana banatuz. Egungo krisiak produkzioa eta
zerbitzuak handitzea eskatzen du: osasun zaintza gehiago eta kalitate
handiagokoa; etxebizitza publiko ugari eraikitzea; eraikin zabal eta
haizeberrituak eskola eta haurtzaindegientzako; garraio publiko hobeagoa.
Ekonomia berrabiarazi eta zabaldu behar da langileen beharrak asetu eta
langabeziari eta txirotzeari aurre egiteko.
Doako kalitatezko osasun arreta behar da!
Etekinak
irabazteko produkzio-sistemak ezin du osasun-zerbitzu onik eman. Ospitale
pribatu zein erlijiosoak eta farmazeutikak ordainik gabe desjabetu! Sindikatuek
zuzendurik, ospitaletako eta osasun-langileen kontratazio eta formakuntza
masiboa egin behar da! Txertoen eta sendagaien patenteak abolitu, mundu osoan
produkzio masibo bat ahalbidetzeko!
Hondoratutako osasun-sistemen aurrean, mota guztietako
erreformistek osasun-zerbitzuen nazionalizazioaren aldeko aldarriak egin
dituzte. Left Voicek, adibidez, (Frakzio Trotskistak Estatu Batuetan duen
atalak), “osasunarekin erlazionaturik
dauden industria guztiak langileen kontrolpean nazionalizatu” nahi ditu (Left Voice, 2021eko apirilak 13).
Sozialdemokrata hauen hitzontzikeri ezkertiarrak ez gaitzala engainatu. Left
Voicek konfinamendu gogorragoak nahi ditu, eta beraz proletalgoaren edozein ekintza
handi are gehiago oztopatuko litzateke, osasun arreta hobeagoa jasotzearen
aldeko borroka ezinezko bihurtuz.
Hauxe da Left Voicek langileen kontrolerako duen eredua: “Argentinan, langileek gauzak nola egin
daitezkeen erakusten ari dira. Langileek kontrolaturiko fabriketan, ugazabarik
gabe, herrialde osoan zehar, beharren arabera produzitzen ari dira, eta ez
diru-goseak bultzatuta”. Argentina kapitalistan, porrot egindako zenbait
fabrika periferiko hartu zituzten, horri buruz ari da Left Voice. Baina hori ez
da behar den eredu bat. Left Voicek duen helburua esparru kapitalistaren
barnean nazionalizaturiko osasun-sistemaren administrazio proletarioa da, hau
da, klase-kolaborazio instituzionalizatua. Osasun-zerbitzua espekuladoreetatik
libratzeko aukera bakarra Estatu burgesa suntsitzea da, proletalgoaren
diktadura eraikiz eta klase kapitalista desjabetuz.
Langileriak zapaldu ororen eskubideak defenditu behar ditu!
Klase
ertainaren beheko mailak suntsituak izaten ari dira. Langileen buruzagien parte
batek eta ezker erreformista guztiak konfinamenduei emandako babes kriminalak
eskuin muturra hauspotu du, erreakzionario zitalenei eta faxista gordinei
eskubide demokratikoen defendatzaile eta hondoratutako burgesia-txikiaren babesle
plantak egiteko aukera eman die. Alderdi iraultzaile batek langile-klasea
mobilizatuko luke zapaldu guztiak defenditu eta langileen aldean kohesionatuko
lituzke burgesiaren kontrako borrokan.
Asian,
Latinoamerikan eta Afrikan, milioika nekazari pobre odolustutzen ari dira
lur-jabeen eta bankuengatik; konfinamenduen erruz, bitartean, saltzaile
ibiltariak gosez hiltzen dira. Edonon, zorpetutako denda txikiak, tabernak eta
jatetxeak, eta ikasleak halaber, itotzen ari dira. Zor guztiak
baliogabetu!
Bulegoetako milioika langile etxetik lan egitera behartu
dituzte. “Telelanak” kaleratzeak eta ordaindu gabeko ordu estrak egitea
eragiten du, langileak isolatzen ditu, eraso antisindikalak errazten ditu eta
sindikalizazioa ia ezinezko bihurtzen du. Grebak ez dira Zoom-en irabazten,
piketeen lerroetan baizik. Sindikatuak, hitz hori merezi baldin badu,
“telelanaren” amarruari kontra egin behar dio.
Immigranteak
langileriaren funtsezko parte dira, kalte handiak pairatu dituen zerbitzuetako
industrian desproportzionalki kontratatuak izaten dira, miseriazko soldatak
jasoz. Bere oinarriak batzeko, langile-klaseak hauxe aldarrikatu behar du: erabateko
hiritartasun eskubideak etorkin guztientzako!
Familiaren funtzioak sozializatu!
Burgesiak
bere indar guztiaz historiaren gurpila atzerarazi nahi du. Konfinamenduek umeen
zaintza, hezkuntza eta adinduen zaintzaren karga guztia ari dira uzten
familiaren gainean, emakumeen bizkar gainean, batez ere. Emakumeak etxera itzultzera
behartuak izan dira, gizonen aldean neurri handiago batean galdu dituzte
lanpostuak, eta etxean jasandako indarkeria asko handitu da. Haurrak eta
nerabeak beraien gurasoekin kartzelatuak dira. Edadetuak abandonatuak izan
dira, zahar-etxe negargarritan bakardadean hiltzeko.
Konfinamenduek zerbait erakutsi baldin badute, hauxe
da : etxeko lanak familiaren artean banatzeko programa feminista kale itxu
bat dela. Beharrezkoa da etxeko zereginak familiaren esparrutik ateratzea, 24
orduz zerbitzua ematen duten haurtzaindegien, sukalde eta garbitegi koletiboen
eta kalitatezko zahar-etxeen bidez.
Konfinamenduek
kapitalismoaren oinarrizko instituzioak indartu ditu: Estatua, eliza eta
familia. Soilik lortu daiteke emakumearen emantzipazioa mundu mailako eraldaketa
sozialistaren parte izanez gero, umeen zaintzaren eta etxeko lanen
sozializazioaren bitartez familia ordezkatua izango delarik. Iraultza
sozialistaren bitartez, emakumearen askapena!
Behera inperialismoa!
Sstema inperialista
mundialean, mundua zatikatzeko eta milioika lagun esplotatzeko, potentzia gutxi batzuen arteko lehia
gertatzen da, egungo krisi globalaren sortzaile berbera delarik. Pandemiari
erantzuteko behar-beharrezkoa da nazioarteko koordinazioa. Baina hori ezinezkoa
da inperialisten arteko etsaitasunean eta norgehiagokan jarduten diren
nazio-estatuetan datzan sistema batean. Inperialismoak munduaren garapen ekonomiko,
sozial eta kulturala zapuztu eta geldiarazi du, Wall Street, Tokio, Londres,
Frankfurt eta Parisko burtsen mesedetan. Inperialistek krisi honetaz baliatzen
ari dira finantza-kapital internazionala indartzeko, menpeko herrialdeen
bizkarrertik. Inperialistek inposaturiko zorra deuseztatu! Behera NBE,
NDF, NATO, TLCAN 2.0 eta Europar Batasuna!
Txina defenditu! Inperialistek euren ahalegina areagotzen ari dira 1949ko Iraultza suntsitzeko
kontrairaultza kapitalista baten bidez, Txinako estatu proletario deformatua
oinperatzeko xedetan. Burokrazia stalinista uzkailtzeko, bizi bedi iraultza
proletario politikoa!
Urriko iraultza berrien alde!
Hego
Korea, Suedia, Australia? Prentsa burgesean debate amaigabean murgildurik
daude, heriotza masiboen eta errepresio masiboaren artean orekarik hoberena nork
egin duen erabakitzeko. Marxistok eredu erabat diferentea dugu: 1917ko Iraultza
Boltxebikea. Esplotazio kapitalistaren kateak hautsiz, langileriak, Lenin eta
Trotsky boltxebikeen zuzendaritzapean, sekulako aurrerapausoa eman zion
humanitateari. Estatu proletario sobietarraren osasun-sistema publikoa bere
lorpenik handienetakoa izan zen, are gehiago gerra zibilaren eta inbasio
inperialistaren testuinguruan sortu zela kontuan hartuz gero, Mundu Gerrak
utzitako hondamendiaren ondoren. Bere sorrera zuzendu zuen gizonak, Nikolai
Semaxkok, hau idatzi zuen 1919an:
“Hirietako pobreak ziega lizuntsuetatik ongi
eraikitako etxe zabaletara lekualdatzea, gaixotasun sozialen kontra benetan
borrokatzea, langilearentzako lan-baldintza normalak sortzea —hori guztia
ezinezkoa da, jabetza pribatua sakratua eta ukiezina dela uste baldin badugu.
Osasun-sistema zaharrak bere aitzinean dar-dar egiten zuen, hesi gaindiezin
baten aitzinean balego bezala; botere sobietarrak —botere komunistak— hesi hori
deuseztatu du.”
—“The Tasks of Public Health in Soviet Russia” [Errusia
sobietarraren eginbeharrak osasun publikoan], William G. Rosenberg, Bolshevik Visions: First Phase of the Cultural
Revolution in Soviet Russia (Ikuspegi
marxistak: Errusia sobietarraren iraultza kulturalaren lehenbiziko etapak, Ann
Arbor: University of Michigan Press, 1990)
—LKI Liga Komunista Internazionala (Laugarren Internazionalaren aldekoa), Komite Exekutiboa. [ITZULPEN EZ OFIZIALA]
2021eko apirilaren 19a