larunbata

Liga Comunista Internaziunale: "Nisun privileghju pà u francesu in Corsica, Iparralde è Catalonia Settentriunali!"




Lan bikaina egiten ari dira espartakistak Korsikaren askapen nazionalaren alde eta Korsikako hizkuntzaren alde!

Hona hemen euren artikulua (pdf) korsikeraz:

https://www.spartacist.org/corsu/2018-independenza.pdf

Liga Komunista Internazionala: "Pribilegiorik ez frantsesarentzat Korsikan, Iparralden eta Ipar Katalunian!"

Trotsky: La Commune de Paris, 1871






PARISko COMMUNEaren BANDERAREN PEAN
Lev Trotsky iraultzaile marxista


H

istorian, sarritan, gerraren ondoren iraultza dator.

Garai normaletan, langileria lan gogorrean aritzen da pasiboki, ohituraren indar itzelaren menpe. Kapitalari mesede egiten dion ohitura horrengatik izango ez balitz, ez langilezainek, ez poliziak, ez presozainek, ezta borreroek ere, ezingo lukete populua oinperatu.

Gerrak herria apurtu eta masakratzen du, baina, era berean, arriskutsua da agintarientzat, hain zuzen ere, herria kolpe batez astindu eta bere ohiturak hausten dituelako, erauntsi horretan norbanako atzeratu eta ezjakinenak esnatu egiten dira eta beren buruari eta inguruneari so egiten diote.

Milioika langile sugarretara bultzatzen dituztenez, agintariek promesen eta gezurren ohitura aldatzera beharturik daude. Burgesiak bere gerra edertu egiten du populuaren bihotz onberak eskatzen duen hitzekin: Gerra “askatasunaren” alde, “justiziaren” alde, “bizitza hobe” baten alde! Barne-barneraino hunkitzen duenez, gerrak populua engainatzen du halabeharrez, baina sufrimendu gehiago eta beste kate batzuk  baino ez ditu eskaintzen. Horregatik, atzipetutako populuaren tentsioak —gerrak probokaturik— sarritan agintarien aurkako matxinadak eragiten ditu. Gerra da iraultzaren ama.

Halaxe gertatu zen duela 20 urte: Errusia eta Japoniaren arteko gerrak herriaren atsekabea areagotu zuen bat-batean, eta ondorioz 1905eko iraultza jazo zen.

Gauza bera  gertatu zen, halaber, duela  46 urte Frantzian: Frantzia eta Prusiaren arteko gerrak (1870-1871) langileen altxamendua eta Parisko Communearen sorrera eragin zuen.

Alemaniako tropen aitzinean hiriburua defenditzeko asmoz, gobernu burgesak Parisko langileak armatu eta Guardia Nazionala sortu zuen. Baina burgesia frantseraren idurikoz, beldurgarriagoa zen bere sorterriko proletalgoa Hohenzollern-tarren tropak baino. Parisko kapitulazioaren ondotik, gobernu errepublikanoak langileak armagabetzen saiatu zen. Baina gerrak sumindura sentimendu bat sortu zuen langileen artean. Ez zuten fabriketara itzuli nahi gerra gertatu ez balitz bezala. Langile paristarrek uko egin zioten euren armak entregatzeari, eta 1871ko martxoaren 18an  langile armatuen eta gobernuaren erregimentuen arteko talka bat gertatu zen. Langileek garaipena lortu zuten, eta Paris kontrolpean zutelarik, 1871ko martxoaren 28an (Commune izena zuelarik) gobernu proletario bat ezarri zuten hiriburuan. Communeak ez zuen denbora luzean iraun. Bere azken defendatzaileak maiatzaren 28an erori ziren, samalda burgesen erasoaldiari erresistentzia heroiko bat egin ostean. Jarraian, iraultza proletarioan parte hartu zutenen aurkako mendeku basatia hasi zen, eta asteak eta hilabeteak iraun zuen. Baina, nahiz-eta gutxi iraun, orain arteko borroka proletarioaren historian gertaerarik nagusiena izan da. Langile paristarren esperientzian oinarriturik, munduko proletalgoak lehenbiziko aldiz ikusi zuen iraultza proletario bat zer den, zeintzuk diren bere xedeak, zeintzuk bideak.

Hasteko, Commune-ak langileen gobernuan jarduteko hautatutako atzerritar guztiak konfirmatu zituen, Communearen bandera Munduko Errepublikaren bandera dela” aldarrikatu zuelarik.

Estatutik eta eskoletatik purgatu zuen erlijioa, heriotza-zigorra abolitu zuen, Vendômeko zutabea (hau da, chauvinismoaren monumentua) lurrera bota eta herriaren zerbitzari zintzoei eman zizkien [funtzionario]-postuak, langileen pareko soldata bat ezarri zielarik.

Kapitalista ikaratuek itxitako fabriketako eta lan-zentroetako zerrenda bat egin zuen, eta produkzioa berrekin zuen finantziazio publikoarekin. Ekonomiaren organizazio sozialistara heltzeko, lehenbiziko urrats bat baino ez zen izan.

Baina Communeak ezin izan zuen bere asmo guztiak bete: suntsitua izan zen. Burgesia frantsesa, Bismarck bere “etsai nazionalaren” laguntzarekin (zeina segituan bihurtu zen klase-aliatu), odolean ito zuen bere benetako etsaiaren —langileriaren— jaikialdia. Communearen asmoak eta programa ez ziren gorpuztu. Baina mundu osoko proletalgoaren seme-alaben bihotzaren barnean gorde ziren, eta geure borrokaren herentzia iraultzailea bilakatu dira.

Eta orain, 1917ko martxoaren 18an, Communearen irudia inoiz baino argiago altxatzen da gure aitzinean, izan ere, denbora-tarte luze baten ondoren, gudu iraultzaile handien aroan sartu gara.

Mundu-Gerrak milioika langile kolpez atera ditu euren ohiko lan-baldintzetatik eta bizitza begetatibotik. Orain arte, Europan gertatu da bakarrik; bihar Ipar Amerikan ere gertatuko da. Sekula ez zuen langileriak halako promesarik entzun; sekula ez zizkioten halako helburu distiratsurik irudikatu; sekula ez zuten horrenbeste losintxatu, gerra honetan egin den moduan. Sekula, orain arte,  jabeen klaseak ez ziren ausartu horrenbeste odol eskatzen herriari,“aberriaren defentsa” deritzon iruzur horren izenean. Eta inoiz baino gezur, traizio eta sufrikario gehiago ari dira pairatzen langileak.

Odolez eta lokatzez gainezka dauden lubakietan, gosez diren herri eta hirietan, milioika bihotz suminduraz, kezkaz eta amorruz leporaino daude. Eta sendimendu horiek, pentsamendu sozialistarekin batzen direnean, gogo iraultzaile bihurtzen dira. Bihar, sugar hori, gainazalera igoko da proletarioen altxamendu itzelei esker.

Errusiako proletalgoak iraultzaren bidea hartu du jadanik, eta bere erasoaldiaren aurrean despotismo lotsagarrienen gotorlekuak erori eta hondoratu egiten dira. Errusiako iraultza, ordea, Europa osoko eta mundu osoko altxamendu proletarioen aitzindaria baino ez da.

“Gogoan izan ezazue Communea!”, esango diegu, sozialistok, langile matxinatuei. Burgesiak atzerriko etsaiari aurre egiteko armatu zaituztete? Uko egiozue zeuen armak burgesiari entregatzeari, Parisko langileek 1871ean egin zuten moduan. Karl Liebknecht-en deiari jarraituz, apuntatu itzazue arma horiek zeuen benetako etsaiaren aurka, kapitalismoaren aurka! Kendu iezaiozue eskuetatik estatu aparatua, eta burgesiaren indarkeriaren arma bat izatetik, proletalgoaren autogobernurako aparatu bilaka ezazue. Orain, Communearen garaiko zeuen aurrekoek baino indar hagitz handiagoa duzue. Tronugabetu itzazue bizkarroi horiek guztiak. Har ezazue lurra, meatzak eta fabrikak eta zuek zeuok administra itzazue. Elkartasuna lanean, berdintasuna lanaren fruituen banaketan!

Communearen bandera Lanaren Errepublika Mundialaren bandera da!
Lev Trotsky; Novy Mir, 1917ko martxoaren 17a.
 
 
Trotsky, Armada Gorriaren sortzailea
 
 
 
 

Artzallus: “Hierarkia kultural eta linguistikoak hautsi egin behar dira”


Amets Artzallus : "Orain, eta Euskaraldian zehar ikusiko da, mundu guztia dago euskararen alde, baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak, eta haien oinordeko denak ere.

Baina diskurtso horiek badute tranpa bat erdian, euskara onartzen dute baina bere eremutxoan, bere bazter horretan, eta ahal baldin bada trabarik egin gabe besteei. Hortik ateratzen denean, eta besteen pare jarri eta erdiguneratzen denean, orduan gatazkak sortzen dira. Eta gatazken aurrean, guk ere askotan konplexuz betetako diskurtsoak eta argumentuak ditugu.

Euskaldun batek beti bere burua justifikatu behar duela dirudi. Bai bere lagunarte hurbilean, edo parlamentu batean... euskaldunak beti darama berekin bere burua justifikatu beharraren zama. Eta zama hori benetan da nekagarria eta harrigarria. Nire ustez, justifikatu beharko balu norbaitek bere burua, ez dakienak justifikatu beharko luke. Baina ez, hemen erantsi diote zama hori, dakienari.

Gutxiagotasun horretatik atera behar badugu, eta menperakuntza honetatik behingoz, gure burua gutxiago justifikatu eta konplexurik gabe egin beharko dugu euskara erdigunera ekartzearen pauso hori, hierarkia kultural eta linguistikoak hautsi egin behar dira eta elkarren parean jarri behar dugu eta euskara ardatzera ekarri".

Laugarren minutuan dago irakurri berri duzun pasartea. Baina merezi du elkarrizketa osorik entzutea. 7 minutu dira guztira.

https://www.argia.eus/albistea/amets-arzallus-orain-denak-daude-euskararen-alde-baita-bere-heriotza-diseinatu-eta-praktikatu-zutenak-ere