INPERIOAREN
LAUDORIOA
James Connolly
Workers’ Republic egunkarian idatzia (1915eko urriaren
9an)
nperioa laudatzeko hitz
gutxi batzuk erran nahi ditugu. Ez, ez dadila irakurlea harritu edo ikaratu, baina
ez pentsa soilik sarkastikoak izan nahi dugunik. Ez gaude gure printzipioak
abandonatzen ari, ez gaude gure akatsak ahazten ari, ezta gure eskubideen aldeko borroka alde batera uzten ari esperantzarik ez dugulako, ezta
esklaboaren azken eskubidea praktikan jartzen ari —bere nagusiari harpa jotzea,
alegia.
Ez, ez dugu Inperioa maite. Biziki gorroto dugu, baina, aldiz, miresten
dugu. Zergatik ez genuke miretsi behar?!
Kontutan har dezagun, behar den bezala, Inperioak lortzen duen guztia gaur
egun, eta orduantxe ikusiko duzu miresmen hori ukatzeko gai zaren.
Une honetan Inperio honek zazpi itsasoetatik barreiaturik dauzka menpeko
lurraldeak. Non-nahi zapaltzen ditu
arrazak eta nazioak, eta bere esklabo gisa erabili ditzake, eta lurralde hauek aristokrata
agintarien errenta eta interesen iturri bezala erabili ditzake; autogobernatzen
diren entitate ekonomikoen bitartez herri hauen garapena oztopatu dezake, edo
produktu ingelesen beharra duten menpeko bezero izatera behartu; britainiar
kapitalismoari konpetentzia egiten ahal dion, edo britainiar kapitalismoaren aitzinean
bere independentzia babesten ahal duen edozein arraza edo nazio itoarazi
dezake.
Asmo horrekin itzaltzen du Indiako antzinako kultura, eta seaskan hiltzen
du Egiptok lortu berri duen libertatea, Hegoafrikako errepublikak itotzen ditu milaka
emakume eta haurrek isuritako odol putzuetan; errusiar despotismoren eskutan
jartzen ditu Pertsiako nazionalista zintzoak; Txina zatitzea onartu du, eta
Irlandarekin gauza bera egitea da bere asmoa.
Iparraldean, hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean, herri hauen lepoaren
gainean bere oina jarri du, eta lapurtu eta erail ditu, iseka egin die eta
azpiratu ditu. Zibilizazio goren baten izenean jatorrizko herrien jenioaren
garapena zapaldu du, eta, garapen kapitalista gorenaren izenean, giza-arrazaren
seiren baten bertako industria suntsitu du.
Askatasunaren izenean abertzaleak urkatzen eta kartzelatzen ditu, eta,
Jaungoikoari dei egiten dion bitartean militarismoak sortzen dion lazturaren
berri izan dezan, bere ezpataren itzala zuzentzen du milioika lagunen eta
beraien askatasun-esperantzen aurka.
Nahiz-eta hori guztia gertatu, nahiz-eta egunero Lurreko haizeak morroi
izatera behartutakoen madarikazioekin kargaturik datozen, nahiz-eta milioika
lagunek inperioaren banderaren aurka irainak jaurti, Inperioaren bandera arrakastatsua
zutik dirau bere menpeko lurralde bakoitzean, nahiz-eta bere soldaduak atzera
jotzen duten izuturik eta etsiturik turkiarren eta alemaniarren lubakien
aitzinean.
Britainiar Inperioak ez du sekula bere indar propioekin gerrarik egin
Europako etsai txuri baten aurka, ez du sekula ausardiarik izan bere tamainako
baten kontra borrokatzeko laguntzarik gabe, eta, hala ere, beti lortu du
non-nahi, Irlandatik Indiara eta Indiatik Afrikara, bere menpekoek Inperioaren zorian
fedea izatea, bere sorginkeriaren eraginpean daudelako, eta horregatik,
Inperioak jipoi bat jaso eta belauniko erortzen denean, zinez uste dute berriro
zutituko dela, era batean edo bertzean. Deabruaren seme-alabek aitaren zorte
bera dute!
Uste hori gabe, esklaboek nagusiak bere nagusitasuna mantendu behar duela
sinestuko ez balute, matxinaden eta iraultzen sugarrek argituko lukete Britainiar
Inperioa oraintxe bertan.
Langile mugimenduan, aspaldi ikasi genuen langilea dela kapitalistaren
boterean konbentzituta dagoena, langilea dela “indartsuek beti irabazten
dutela” uste duena, benetan bera dela langileria menpeko mantentzen duena,
grebak zapuztu eta sindikatuak suntsitzen dituena. Langile mugimendua beti
arazo horren aitzinean dago, desesperazio sentimendu hori nola deuseztatu
daitekeen ikasi behar du, eta desesperazioa sarritan nagusitzen den bihotz
horretan konfiantza sortu.
Langileak bere patroiaren botere ahalguztidunean fedea galtzen hasten den
une berean gure klasearen emantzipazioaren bidea zabaltzen da.
Klase menderatzailea kontziente da horretaz, eta horregatik bere agente
guztien energia langileen pentsamendua narkotizatzeari, nahasteari eta pozoitzeari
bideratuta dago —deskonfiantza eta beldurra sortu nahi dute langileen artean.
Britainiar Inperioaren klase menderatzailea horren jakitun ere bada, eta,
ondorioz, dauzkan aukera guztiak aprobetxatzen ditu azpiratutako arrazen artean
Ingalaterraren zoriari, Ingalaterraren indarrari, Ingalaterraren ahalguztiduntasunari
buruzko usteak hedatzeko. Britainiar Inperioak abantaila gehiago erdiesten du
uste horrekin hamar armadarekin baino; uste hori deuseztatzen eta desegiten
denean, nazionalitateen altxamendu bat gertatuko da, beraien suspertzea Inperio
dekadenteen hondoratzea izanen delarik.
Ez genuke, orduan, arriskuaren aitzinean oraindik bere esklaboen gogoa
liluratzeko eta txunditzeko, eta azpiratze fisiko eta mentala mantentzeko gai
den Inperio hori miretsi behar?
—James CONNOLLY
Itzulpena: James
Connolly, antología (1896-1916) liburutik eta marxists.org-etik
|
ICA ( irlanderaz: Arm Cathartha na hÉireann).
ICA / Irlandako Armada Hiritarra milizia sindikal bat izan zen,
1916ko altxamenduan britainiar inperialismoari aurre egin zion. |