astelehena

James Connolly: Inperioaren laudorioa (1915)


 
 
INPERIOAREN LAUDORIOA
James Connolly

 Workers’ Republic egunkarian idatzia (1915eko urriaren 9an)

 

I

nperioa laudatzeko hitz gutxi batzuk erran nahi ditugu. Ez, ez dadila irakurlea harritu edo ikaratu, baina ez pentsa soilik sarkastikoak izan nahi dugunik. Ez gaude gure printzipioak abandonatzen ari, ez gaude gure akatsak ahazten ari, ezta gure eskubideen aldeko borroka alde batera uzten ari esperantzarik ez dugulako, ezta esklaboaren azken eskubidea praktikan jartzen ari —bere nagusiari harpa jotzea, alegia.

Ez, ez dugu Inperioa maite. Biziki gorroto dugu, baina, aldiz, miresten dugu. Zergatik ez genuke miretsi behar?!

Kontutan har dezagun, behar den bezala, Inperioak lortzen duen guztia gaur egun, eta orduantxe ikusiko duzu miresmen hori ukatzeko gai zaren.

Une honetan Inperio honek zazpi itsasoetatik barreiaturik dauzka menpeko lurraldeak. Non-nahi  zapaltzen ditu arrazak eta nazioak, eta bere esklabo gisa erabili ditzake, eta lurralde hauek aristokrata agintarien errenta eta interesen iturri bezala erabili ditzake; autogobernatzen diren entitate ekonomikoen bitartez herri hauen garapena oztopatu dezake, edo produktu ingelesen beharra duten menpeko bezero izatera behartu; britainiar kapitalismoari konpetentzia egiten ahal dion, edo britainiar kapitalismoaren aitzinean bere independentzia babesten ahal duen edozein arraza edo nazio itoarazi dezake.

Asmo horrekin itzaltzen du Indiako antzinako kultura, eta seaskan hiltzen du Egiptok lortu berri duen libertatea, Hegoafrikako errepublikak itotzen ditu milaka emakume eta haurrek isuritako odol putzuetan; errusiar despotismoren eskutan jartzen ditu Pertsiako nazionalista zintzoak; Txina zatitzea onartu du, eta Irlandarekin gauza bera egitea da bere asmoa.

Iparraldean, hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean, herri hauen lepoaren gainean bere oina jarri du, eta lapurtu eta erail ditu, iseka egin die eta azpiratu ditu. Zibilizazio goren baten izenean jatorrizko herrien jenioaren garapena zapaldu du, eta, garapen kapitalista gorenaren izenean, giza-arrazaren seiren baten bertako industria suntsitu du.

Askatasunaren izenean abertzaleak urkatzen eta kartzelatzen ditu, eta, Jaungoikoari dei egiten dion bitartean militarismoak sortzen dion lazturaren berri izan dezan, bere ezpataren itzala zuzentzen du milioika lagunen eta beraien askatasun-esperantzen aurka.

Nahiz-eta hori guztia gertatu, nahiz-eta egunero Lurreko haizeak morroi izatera behartutakoen madarikazioekin kargaturik datozen, nahiz-eta milioika lagunek inperioaren banderaren aurka irainak jaurti, Inperioaren bandera arrakastatsua zutik dirau bere menpeko lurralde bakoitzean, nahiz-eta bere soldaduak atzera jotzen duten izuturik eta etsiturik turkiarren eta alemaniarren lubakien aitzinean.

Britainiar Inperioak ez du sekula bere indar propioekin gerrarik egin Europako etsai txuri baten aurka, ez du sekula ausardiarik izan bere tamainako baten kontra borrokatzeko laguntzarik gabe, eta, hala ere, beti lortu du non-nahi, Irlandatik Indiara eta Indiatik Afrikara, bere menpekoek Inperioaren zorian fedea izatea, bere sorginkeriaren eraginpean daudelako, eta horregatik, Inperioak jipoi bat jaso eta belauniko erortzen denean, zinez uste dute berriro zutituko dela, era batean edo bertzean. Deabruaren seme-alabek aitaren zorte bera dute!

Uste hori gabe, esklaboek nagusiak bere nagusitasuna mantendu behar duela sinestuko ez balute, matxinaden eta iraultzen sugarrek argituko lukete Britainiar Inperioa oraintxe bertan.

Langile mugimenduan, aspaldi ikasi genuen langilea dela kapitalistaren boterean konbentzituta dagoena, langilea dela “indartsuek beti irabazten dutela” uste duena, benetan bera dela langileria menpeko mantentzen duena, grebak zapuztu eta sindikatuak suntsitzen dituena. Langile mugimendua beti arazo horren aitzinean dago, desesperazio sentimendu hori nola deuseztatu daitekeen ikasi behar du, eta desesperazioa sarritan nagusitzen den bihotz horretan konfiantza sortu.

Langileak bere patroiaren botere ahalguztidunean fedea galtzen hasten den une berean gure klasearen emantzipazioaren bidea zabaltzen da.

Klase menderatzailea kontziente da horretaz, eta horregatik bere agente guztien energia langileen pentsamendua narkotizatzeari, nahasteari eta pozoitzeari bideratuta dago —deskonfiantza eta beldurra sortu nahi dute langileen artean.

Britainiar Inperioaren klase menderatzailea horren jakitun ere bada, eta, ondorioz, dauzkan aukera guztiak aprobetxatzen ditu azpiratutako arrazen artean Ingalaterraren zoriari, Ingalaterraren indarrari, Ingalaterraren ahalguztiduntasunari buruzko usteak hedatzeko. Britainiar Inperioak abantaila gehiago erdiesten du uste horrekin hamar armadarekin baino; uste hori deuseztatzen eta desegiten denean, nazionalitateen altxamendu bat gertatuko da, beraien suspertzea Inperio dekadenteen hondoratzea izanen delarik.

Ez genuke, orduan, arriskuaren aitzinean oraindik bere esklaboen gogoa liluratzeko eta txunditzeko, eta azpiratze fisiko eta mentala mantentzeko gai den Inperio hori miretsi behar?

James CONNOLLY

Itzulpena: James Connolly, antología (1896-1916) liburutik eta marxists.org-etik

ICA ( irlanderaz: Arm Cathartha na hÉireann).
ICA / Irlandako Armada Hiritarra milizia sindikal bat izan zen,
1916ko altxamenduan britainiar inperialismoari aurre egin zion.