—Nikolai Bukharin—
Materialismo historikoaren teoria
MATERIALISMO DIALEKTIKOA
Materialismoa eta idealismoa filosofian: objektibotasunaren arazoa
Itzulpena:
trotskistak.blogspot
(...)
J
|
ainkoak ez du ezartzen giza nahimena,
kanpoko kausen eta giza organismo propioaren baldintzen menpe dago. Hemen
arazorik handienaren aurrean gaude, milaka urtez gizakien pentsamenduaren kezka
iturri izan dena: materiaren eta espirituaren arteko harremanaren arazoa, hau
da, kaleko hizkeran adieraztearren, “gorputzaren” eta “arimaren” arteko
harremana. Orokorrean, bi fenomeno mota bereizten ditugu. Batzuk hedadura bat
dute, espazio bat okupatzen dute, gure zentzuen bitartez sumatu ditzakegu;
ikus, entzun, sentitu, dastatu eta usaindu ditzakegu; fenomeno material gisa ezagutzen
ditugu. Besteak ez dira espazioan hedatzen, eta ezin dira, ondorioz, sentituak
ezta ikusiak izan. Horiek dira, adibidez, giza gogamena, borondatea edota
sentsazioak. Baina inork ezin du hauen existentzia zalantzan jarri. Descartes-ek
egitate hori giza existentziaren frogatzat hartu zuen, hain zuzen ere. Hortaz,
zera esan zuen: “Cogito, ergo sum” (Pentsatzen dut, beraz banaiz). Aldiz, giza
pentsamendua ezin da ukitu ezta ikusi; ez du kolorerik eta ezin da zuzenean
metrotan neurtu. Fenomeno hauei “psikikoak” edo “espiritualak” esaten diegu. Zein
harreman mota ote dago bi fenomeno hauen artean? Zein ote da “gauza guztien
printzipioa”: espiritua edo materia? Zein da jatorrizko fenomenoa? Zein oinarrizkoa?
Materiak sortzen ote du espiritua edo alderantziz da? Zein harreman mota dago
elkarren artean? Horixe da filosofiaren funtsezko arazoa, eta erantzunak
zientzia sozialen alorreko arazo anitzei eragingo dio.
Hartu
dezagun afera hau ikuspuntu posible guztietatik. Deus baino lehen, onartu behar
dugu gizakia naturaren parte dela. Ezin dugu ziurtatu beste planeta batzutan
giza-organizazioa gainditzen duen izakirik existitzen ote den, baina planeten
kantitatea kontutan hartuz, baliteke hala izatea. Baina guretzat ebidentea da
“gizakia” delakoa (Pascal-en “ihi pentsalaria”) ez dela jainkoaren sorkuntza
bat, mundutik at dagoena, beste unibertso misteriotsu eta ezezagun batetik
proiektatu dena. Natura-zientziek, ordea, gizakia naturaren parte dela eta lege
orokor batzuen menpe dagoela erakusten digute. Ezagutzen dugun mundu honi so
eginez gero, ikusten dugu fenomeno psikikoak, espiritua delakoaren fenomenoak, fenomeno
guztien artean, parte infinitesimal bat besterik ez direla. Badakigu,
halaber, gizakia beste animalia
batzutatik datorrela, eta, azken batean, izaki bizidunak Lurrean agertu zirela
denbora jakin baten ondotik. Lurra oraindik eguzkiaren antzeko suzko esfera bat
zenean, hozte prozesua baino lehenago, ez zegoen bizitzarik bere gainazalean,
ezta inongo motako izaki adimendunik. Natura hilaren eboluziotik sortu zen
natura organikoa, pentsatzeko gai den forma bat sortu zelarik. Lehenbizi
materia existitu zen, pentsatzeko gai ez zena, eta hortik sortu zen materia adimenduna,
gizakia, alegia. Hori horrelaxe izan bazen —eta natura-zientziek horrela izan
zela esaten dute— ebidentea da materiak espiritua sorrarazi zuela, eta ez espirituak
materia. Ez dugu ezagutzen seme-alabarik beraien gurasoak baino lehenago
existitu direnik. Espiritua ondoren agertzen da. Beraz, ondorengotzat hartu
behar dugu, eta ez aitatzat, gauza “espiritualen” jarraitzaile sutsuegiek nahi
duten bezala.
Badakigu,
halaber, “espiritua” ez dela agertzen harik eta “materia modu jakin batean
organizatu” ez den arte.
Zero batek
ezin du pentsatu, hutsik dagoen zerbaitek ezta ere, “espirituak” ezta ere
materiarik gabe. Gizakion garunak du —giza-organismoaren parte dena—pentsatzeko
ahalmena; eta giza-organismo hau modu ikaragarri konplexuan organizaturiko
materia da.
Gainera,
bistan da, esandako arrazoiengatik, materia existitu daitekeela espiriturik
gabe, baina, aldiz, espirituak ez du existentziarik materiarik gabe. Materia
existitu zen izaki adimenduna agertu baino lehenago: Lurra denbora luzez
existitu zen bere gainazalean edozein motako “espiriturik” agertu aurretik.
Beste era batera esanda, materia objektiboki existitzen da, espiritutik
independentea da. Baina “espirituaren” fenomeno psikikoa ez zen inoiz existitu
materiarik gabe, modu independentean. Garunik gabe ez dago adimenik, desioak ezinezkoak
dira ez badago desiorik sortzen duen organismorik. “Espirituak” harreman estua
dauka “beti” materiarekin (soilik Biblian aurkitu dezakegu “espiritua” uretan
flotatzen). Beste modu batean esanda, fenomeno psikikoak, kontzientziaren
fenomenoak “era jakin batean organizaturiko materiaren propietate bat” baino ez
dira, “materia honen funtzio” bat.
Har
dezagun gizakia adibidez: Modu delikatu batean organizaturiko kreatura bat da.
Deuseztatu, desantolatu, deskonposatu dezagun organizazio hau eta orduan
berehala desagertuko da bere “espiritua”. Gizakiek sistema hau berreraikitzeko
gai izango balira, giza-organismo hau berriz osatzeko ahalmena izango balute,
giza-organismo bat desantolatu eta berriz muntatzeko gai izango balira, erloju
baten parteekin egiten dugun moduan, orduan berehala etorriko litzateke
kontzientzia. Noski, ez gara oraindik hori egiteko gai. Baina jadanik ikusi
dugun bezala, determinismoari buruz eztabaidatu dugunean, “espirituaren”
egoera, hots, kontzientziaren egoera, organismoaren egoeraren menpe dago.
Organismoa alkoholarekin intoxikatzen badugu, kontzientzia nahastu egingo da,
espiritua zabuka ibiliko da. Organismo hori sendatzen bada bere egoera
normalera itzuliz (sustantzia toxikoen aurkako antidoto bat hartu duelako,
adibidez), orduan espiritua ere modu normalean funtzionatzen hasiko da. Honek
argi eta garbi frogatzen du kontzientzia materiaren menpe dagoela, hau da, “existentziak
determinatzen duela pentsamena”.
Ikusi
dugunez, fenomeno psikikoak modu jakin batean organizaturiko materiaren
propietate bat dira. Beraz, zenbait fluktuazio gerta daitezke, materia
organizatzeko zenbait forma, eta, hortaz, bizitza mentalaren zenbait forma.
Gizakiak, bere garunarekin, organizazio jakin bat du, Lurreko bizitza psikiko
perfektuenaren jabe da eta benetako kontzientzia bat du. Zakurrak beste modu batean
organizaturik daude, eta horrexegatik beraien psikea eta gizakiarena ezberdinak
dira. Zizarea ere modu berezi batean organizaturik dago, eta bere “espiritua”,
ondorioz, ikaragarri pobrea da, eta ezin da inolaz ere konparatu gizakiak
daukanarekin. Harri batek, adibidez, bere organizazioa dela-eta, materia bizigabe bat da, eta, beraz, ez du bizitza psikikorik.
Psikea izateko materiaren organizazio berezi eta korapilatsu bat behar da.
Materiaren organizazio bereziki konplexu bat izatea nahitaezko baldintza da
bizitza psikikoa agertu dadin, hau da, «kontzientzia»
izenez ezagutzen dugun bizitza hori agertu dadin. Lurrean, kontzientzia hori
azaltzen da soilik materia instrumenturik konplexuenarekin organizatu denean;
gizakiaren kasuan: garunarekin.
Hortaz,
materiarik gabe ez dago espiriturik, baina materiak ez du espiriturik behar
existitzeko; materia espiritua baino lehenago existitu zen, materia modu jakin
batean organizatzen denean, bere propietate berezi bat sortzen da: espiritua.
Ondorioz,
filosofiaren eremuan, materialismoaren eta idealismoaren arteko erlazioen
arazoa ebatzita gelditzen da. Materialismoaren ustez, materia lehenengo gauza
da, funtsezko gauza bat; idealismoaren iritziz espirituak du lehentasuna.
Materialistentzat, espiritua materiaren produktu bat da. Idealistentzat, aldiz,
materia da espirituaren produktua.
Ez da
zaila ulertzea idealismoa (existitzen diren gauza guztien oinarria ideiak edo
espiritua dela dioen doktrina) kontzepzio erlijiosoaren forma arindu bat dela,
eta honen arabera, botere misteriotsu eta jainkotiar bat naturaren “gainetik”
dago, eta giza-kontzientzia botere jainkotiar batek sortzen duen txinparta
txiki baten gisa kontsideratzen du, eta gizakia bera ere jainkoak hautatutako kreatura
bat dela uste du. Ikuspuntu idealistak, ondorioz, absurdo multzo batetara garamatza,
sarritan klase menperatzaileen filosofoek seriotasunik handienarekin
defenditzen dituzten absurdoak.
—Nikolai Ivanovitx Bukharin, militante boltxebikea: Teoría del materialismo histórico.
Николай Иванович Бухарин