osteguna

Bukharin: Materialismoa eta idealismoa filosofian


 
 
Nikolai Bukharin

Materialismo historikoaren teoria

MATERIALISMO DIALEKTIKOA

Materialismoa eta idealismoa filosofian: objektibotasunaren arazoa

Itzulpena: trotskistak.blogspot

(...)

J

ainkoak ez du ezartzen giza nahimena, kanpoko kausen eta giza organismo propioaren baldintzen menpe dago. Hemen arazorik handienaren aurrean gaude, milaka urtez gizakien pentsamenduaren kezka iturri izan dena: materiaren eta espirituaren arteko harremanaren arazoa, hau da, kaleko hizkeran adieraztearren, “gorputzaren” eta “arimaren” arteko harremana. Orokorrean, bi fenomeno mota bereizten ditugu. Batzuk hedadura bat dute, espazio bat okupatzen dute, gure zentzuen bitartez sumatu ditzakegu; ikus, entzun, sentitu, dastatu eta usaindu ditzakegu; fenomeno material gisa ezagutzen ditugu. Besteak ez dira espazioan hedatzen, eta ezin dira, ondorioz, sentituak ezta ikusiak izan. Horiek dira, adibidez, giza gogamena, borondatea edota sentsazioak. Baina inork ezin du hauen existentzia zalantzan jarri. Descartes-ek egitate hori giza existentziaren frogatzat hartu zuen, hain zuzen ere. Hortaz, zera esan zuen: “Cogito, ergo sum” (Pentsatzen dut, beraz banaiz). Aldiz, giza pentsamendua ezin da ukitu ezta ikusi; ez du kolorerik eta ezin da zuzenean metrotan neurtu. Fenomeno hauei “psikikoak” edo “espiritualak” esaten diegu. Zein harreman mota ote dago bi fenomeno hauen artean? Zein ote da “gauza guztien printzipioa”: espiritua edo materia? Zein da jatorrizko fenomenoa? Zein oinarrizkoa? Materiak sortzen ote du espiritua edo alderantziz da? Zein harreman mota dago elkarren artean? Horixe da filosofiaren funtsezko arazoa, eta erantzunak zientzia sozialen alorreko arazo anitzei eragingo dio.

Hartu dezagun afera hau ikuspuntu posible guztietatik. Deus baino lehen, onartu behar dugu gizakia naturaren parte dela. Ezin dugu ziurtatu beste planeta batzutan giza-organizazioa gainditzen duen izakirik existitzen ote den, baina planeten kantitatea kontutan hartuz, baliteke hala izatea. Baina guretzat ebidentea da “gizakia” delakoa (Pascal-en “ihi pentsalaria”) ez dela jainkoaren sorkuntza bat, mundutik at dagoena, beste unibertso misteriotsu eta ezezagun batetik proiektatu dena. Natura-zientziek, ordea, gizakia naturaren parte dela eta lege orokor batzuen menpe dagoela erakusten digute. Ezagutzen dugun mundu honi so eginez gero, ikusten dugu fenomeno psikikoak, espiritua delakoaren fenomenoak, fenomeno guztien artean, parte infinitesimal bat besterik ez direla. Badakigu, halaber,  gizakia beste animalia batzutatik datorrela, eta, azken batean, izaki bizidunak Lurrean agertu zirela denbora jakin baten ondotik. Lurra oraindik eguzkiaren antzeko suzko esfera bat zenean, hozte prozesua baino lehenago, ez zegoen bizitzarik bere gainazalean, ezta inongo motako izaki adimendunik. Natura hilaren eboluziotik sortu zen natura organikoa, pentsatzeko gai den forma bat sortu zelarik. Lehenbizi materia existitu zen, pentsatzeko gai ez zena, eta hortik sortu zen materia adimenduna, gizakia, alegia. Hori horrelaxe izan bazen —eta natura-zientziek horrela izan zela esaten dute— ebidentea da materiak espiritua sorrarazi zuela, eta ez espirituak materia. Ez dugu ezagutzen seme-alabarik beraien gurasoak baino lehenago existitu direnik. Espiritua ondoren agertzen da. Beraz, ondorengotzat hartu behar dugu, eta ez aitatzat, gauza “espiritualen” jarraitzaile sutsuegiek nahi duten bezala.

Badakigu, halaber, “espiritua” ez dela agertzen harik eta “materia modu jakin batean organizatu” ez den arte.

Zero batek ezin du pentsatu, hutsik dagoen zerbaitek ezta ere, “espirituak” ezta ere materiarik gabe. Gizakion garunak du —giza-organismoaren parte dena—pentsatzeko ahalmena; eta giza-organismo hau modu ikaragarri konplexuan organizaturiko materia da.

Gainera, bistan da, esandako arrazoiengatik, materia existitu daitekeela espiriturik gabe, baina, aldiz, espirituak ez du existentziarik materiarik gabe. Materia existitu zen izaki adimenduna agertu baino lehenago: Lurra denbora luzez existitu zen bere gainazalean edozein motako “espiriturik” agertu aurretik. Beste era batera esanda, materia objektiboki existitzen da, espiritutik independentea da. Baina “espirituaren” fenomeno psikikoa ez zen inoiz existitu materiarik gabe, modu independentean. Garunik gabe ez dago adimenik, desioak ezinezkoak dira ez badago desiorik sortzen duen organismorik. “Espirituak” harreman estua dauka “beti” materiarekin (soilik Biblian aurkitu dezakegu “espiritua” uretan flotatzen). Beste modu batean esanda, fenomeno psikikoak, kontzientziaren fenomenoak “era jakin batean organizaturiko materiaren propietate bat” baino ez dira, “materia honen funtzio” bat.

Har dezagun gizakia adibidez: Modu delikatu batean organizaturiko kreatura bat da. Deuseztatu, desantolatu, deskonposatu dezagun organizazio hau eta orduan berehala desagertuko da bere “espiritua”. Gizakiek sistema hau berreraikitzeko gai izango balira, giza-organismo hau berriz osatzeko ahalmena izango balute, giza-organismo bat desantolatu eta berriz muntatzeko gai izango balira, erloju baten parteekin egiten dugun moduan, orduan berehala etorriko litzateke kontzientzia. Noski, ez gara oraindik hori egiteko gai. Baina jadanik ikusi dugun bezala, determinismoari buruz eztabaidatu dugunean, “espirituaren” egoera, hots, kontzientziaren egoera, organismoaren egoeraren menpe dago. Organismoa alkoholarekin intoxikatzen badugu, kontzientzia nahastu egingo da, espiritua zabuka ibiliko da. Organismo hori sendatzen bada bere egoera normalera itzuliz (sustantzia toxikoen aurkako antidoto bat hartu duelako, adibidez), orduan espiritua ere modu normalean funtzionatzen hasiko da. Honek argi eta garbi frogatzen du kontzientzia materiaren menpe dagoela, hau da, “existentziak determinatzen duela pentsamena”.

Ikusi dugunez, fenomeno psikikoak modu jakin batean organizaturiko materiaren propietate bat dira. Beraz, zenbait fluktuazio gerta daitezke, materia organizatzeko zenbait forma, eta, hortaz, bizitza mentalaren zenbait forma. Gizakiak, bere garunarekin, organizazio jakin bat du, Lurreko bizitza psikiko perfektuenaren jabe da eta benetako kontzientzia bat du. Zakurrak beste modu batean organizaturik daude, eta horrexegatik beraien psikea eta gizakiarena ezberdinak dira. Zizarea ere modu berezi batean organizaturik dago, eta bere “espiritua”, ondorioz, ikaragarri pobrea da, eta ezin da inolaz ere konparatu gizakiak daukanarekin. Harri batek, adibidez, bere organizazioa dela-eta, materia bizigabe  bat da, eta, beraz, ez du bizitza psikikorik. Psikea izateko materiaren organizazio berezi eta korapilatsu bat behar da. Materiaren organizazio bereziki konplexu bat izatea nahitaezko baldintza da bizitza psikikoa agertu dadin, hau da,  «kontzientzia» izenez ezagutzen dugun bizitza hori agertu dadin. Lurrean, kontzientzia hori azaltzen da soilik materia instrumenturik konplexuenarekin organizatu denean; gizakiaren kasuan: garunarekin.

Hortaz, materiarik gabe ez dago espiriturik, baina materiak ez du espiriturik behar existitzeko; materia espiritua baino lehenago existitu zen, materia modu jakin batean organizatzen denean, bere propietate berezi bat sortzen da: espiritua.

Ondorioz, filosofiaren eremuan, materialismoaren eta idealismoaren arteko erlazioen arazoa ebatzita gelditzen da. Materialismoaren ustez, materia lehenengo gauza da, funtsezko gauza bat; idealismoaren iritziz espirituak du lehentasuna. Materialistentzat, espiritua materiaren produktu bat da. Idealistentzat, aldiz, materia da espirituaren produktua.

Ez da zaila ulertzea idealismoa (existitzen diren gauza guztien oinarria ideiak edo espiritua dela dioen doktrina) kontzepzio erlijiosoaren forma arindu bat dela, eta honen arabera, botere misteriotsu eta jainkotiar bat naturaren “gainetik” dago, eta giza-kontzientzia botere jainkotiar batek sortzen duen txinparta txiki baten gisa kontsideratzen du, eta gizakia bera ere jainkoak hautatutako kreatura bat dela uste du. Ikuspuntu idealistak, ondorioz, absurdo multzo batetara garamatza, sarritan klase menperatzaileen filosofoek seriotasunik handienarekin defenditzen dituzten absurdoak.

Nikolai Ivanovitx Bukharin, militante boltxebikea: Teoría del materialismo histórico.

Николай Иванович Бухарин