asteartea

Iñigo Cabacas, Aitor Zabaleta, Felix Gonzalez Rojo: Gogoan zaituztegu!

"Iñigo gogoan JUSTIZIA! LAB, CGT, ESK, CNT"



 

Laster beteko dira 20 urte faxistek Aitor Zabaleta Kortazar hil zutela. Jakina denez, Aitorren zaletasun bat futbola zen, eta Espainiara joatea erabaki zuen txuri-urdinak animatzeko asmoz Atletico Madrilen kontrako partidan. Baina han, Vicente Calderonen, hiltzaile arrazisten labankadek Aitorren bizitza zapuztu zuten, bere burua defenditzeko aukerarik izan barik. Aitor Zabaletaren “krimen” bakarra euskalduna izatea izan zen.

Antzeko zerbait gertatu zitzaion Iñigo Cabacasi. Poliziek —hots, faxisten lagunek— Iñigo erail zuten Bilbon, eta (beste behin ere) bere burua defenditzeko aukerarik izan barik. Gaur egun Iñigo Cabacasen lagunek hedabide burgesen zurikeria eta espainiar erresumako epaileen eta polizien jarrera harroputza jasaten jarraitzen dute.

Nahiko ezagunak dira faxisten eta Ertzaintzaren bi hilketa hauek, baina euskal futbolak jasan duen beste egoera lazgarri bat gogoratu behar da. Denborak ez dezala oroimena estali.

30eko hamarkadan, prozesu iraultzailearen ondorioz, Borboien klanak boterea galdu eta espainiar bigarren errepublika burgesa sortu zenean, futbol taldeek sinbolo monarkikoak kendu zituzten euren klubetako ezkutuetatik, eta halaber, “real” tituloa ezabatua izan zen. Labur esanda: Sociedad de Foot-ball de San Sebastian izenarekin jaio zen klubari “real” titulua ipini zioten ondoren; baina errepublikaren garaian Donostia Football Club izena hartu zuen, ...Francok bere izen monarkikoa berrezarri zuen arte.

Errepublikako garai horretan Donostia Foot-ball Club-eko atezain zen Felix Gonzalez Rojo (edo Felix Salvador Gonzalez Rojo). 1913ko ekainaren 23an jaio zen errenteriar hau. 1933-36  bitartean jokalari txuri-urdina izan zen, eta futbolaria izateaz gain metalgintzako langile bat zen, U.G.T.ko afiliatua. Milizianoa izan zen ”Rojo” Gerra Zibilean, erreakzionario karlisten eta faxisten aurrean Gipuzkoaren defentsan armak eskutan parte hartu zuelarik. Tamalez, atxilotua izan zen eta Logroñoko eta Ondarretako presondegietatik pasa ostean indar frankistek 1939ko azaroaren 18an fusilatu zuten.
Aitor Zabaleta, Iñigo Cabacas, Rojo, ...herriak ez du barkatuko!

Felix Gonzalez Rojo kamerari begira, zigarroa erretzen.
1936an, Irungo defentsan, Gerra zibilean. (Jmz. de Aberasturiren arabera; 1996)