larunbata

Puerto Rico: Comunistas de EE.UU. contra el colonialismo yanqui


WV: «Puerto Rico krisi politiko baten aitzinean dago bere historiako protestarik handienetako batzuk Ricardo Rosselló gobernadore gorrotatua pasa den hilabetean dimitiaraztea lortu ondotik».   Irudia: Iazko Maiatzaren Lehena



Workers Vanguard, 1159. alea
2019-8- 23
Puerto Rico
Langileen alderdi iraultzaile baten alde
Behera Junta koloniala !
Independentzia-eskubidearen alde !

[itzulpen ez ofiziala]

 
 


Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerran Karibeko lurralde honetaz jabetu zenetik, duela 121 urte, estatubatuar inperialismoak Puerto Rico arpilatu, bere langileak esplotatu, eta herrialdea deuseztatu du, azkenik. 1952tik eufemistikoki “Estatu Libre Elkartua” izendatua den arren, autogobernu izaera duela irudikatzeko, gaurdaino EE.BB.etako gobernuak du aginte-makila, den-dena kontrolpean duelarik: moneta eta komunikazioetatik hasita harreman komertzial eta garraioraino. Oinperatze kolonial hau white man’s burden-en bertsioa modernoa da, eta honen arabera potentzia inperialista zuriak azal ilunagoko bere menpeko jendearen gainetik agintea izan behar du, obra “zibilizatzaile” bat egiten omen dutelako. Puertorricoarrak EE.BB.etako bigarren mailako hiritarrak dira, eta Puerto Ricon bizi direnak ezin dute hauteskunde federaletan bozkarik eman (gainera, kongresuan duten ordezkariak ez du boto ofizialik), baina botere federalak aldiz —FBI eta armada barne— bahiturik dauzka erabat. Honako hau aldarrikatzen dugu: EE.BB.etako tropa eta agente federal guztiak, alde oraintxe bertan Puerto Ricotik!

 


Momentuz barealdia karriketara itzuli den arren, puertorricoarrak kokoteraino daude. Langileria langabetuen, ikasleen eta herrialdeko zapaldu ororen —hauen artean bereiziki emakumeak, indarkeria eta degradazioa pairatzen dutelako— buru gisa altxatzea behar-beharrezkoa da. Langileriaren indarrak, bere botere sozialarengatik eta interes historikoagatik, zapalkuntza kolonialari eta miseria kapitalistari amaiera eman diezaioke iraultza sozialistaren bitartez.

         Langileek, EE.BB.etan eta Puerto Ricon, etsai berbera dute: Estatu Batuetako agintari kapitalistak. Bada, halaber, hezur eta azaleko lotura bat — organizaturik dagoen langileriaren parte inportante bat dira puertorricoarrak EE.BB.etako zenbait hiritan, estatu kapitalistaren arrazakeriaren gehiegikeriak jasan behar dituztelarik. EE.BB.etako langileriak klase-elkartasuna erakutsi eta zera aldarrikatu behar du: Puerto Ricoko zorra bertan behera utzi!

 


Gure helburua abangoardiako alderdi leninista bat eraikitzea da Puerto Ricon, zapalkuntza kolonialaren aurkako borroketan parte hartzeko gai dena, eta ugazaba estatubatuarrei aurre egiteaz gain, beraien lekaio burges autoktonoak borrokatuko ditu langileriaren boterea ezartzeko. Soilik proletalgoa boterean delarik bermatzen hasiko dira behar diren kondizio materialak Puerto Ricoko populuak menderakuntza inperialistatik askatzeko.
         Puerto Ricoko errepublika proletario batek oztopo ikaragarriei eta etsai boteretsuei egin beharko lieke aurre, oroz gain EE.BB.etako burgesia. Puerto Ricoko botere proletarioa nazioartean hedatu beharko litzateke. Alderdi leninistak forjatzearen beharra da planteatzen dena, bai zentro inperialistan bai Karibe osoan, Internazional iraultzaile baten kide direnak. EE.BB.etan, alderdi proletario multirrazial batek langile estatubatuarrak bereganatuko lituzke Puerto Ricoko askapen nazionalaren aldeko borrokak aitzinarazteko, nahitaezkoak baitira EE.BB.etan bertan erregimen kapitalista suntsitzeko.

 



Polizia, « la uniformada » gisa ezaguna, ez da langile multzo bat ezta aliatu potentzial bat,  baizik-eta estatu burgesaren muina. Beraien papera grebak zapuztea da, eta dauzkaten elkarteek ez dute lekurik mugimendu sindikalean. Polizien ardura, nahiz-eta jatorri proletario edo pobrekoa izan, menderakuntza kolonialaren sistemaren funtzionamendua bermatzea da, patroien morroiak dira. Poliziak, euren soldaten edo erretreten alde mobilizatzen direnean, erreprimitzeko balditzak hobetze aldera egiten dute. 1899an sortu zenetik, hain zuzen ere EE.BB.etako armadak herrialdea inbaditu eta hartu zuenetik urte betera, Puerto Ricoko poliziak Washingtonek oinperatzen dituen mendekoak zapaltzen lagundu du, baita independentisten aurkako gerra odoltsuan ere, zenbait hamarraldi iraun duena.

 
"U.S. out of Guantánamo!
Defend the gains of the Cuban Revolution!
Spartacus Youth Club"


Batzar konstituziogile baten aldeko aldarria oztopo bat da langileriak bere auto-emantzipaziorako behar duen kontzientzia eta klase-organizazio iraultzailea garatzeko. Batzar konstituziogile bat gobernu burges bat da, eta bere aldeko aldarria iraultza proletarioa desbideratzeko erabili da historikoki. Behin langileriak estatu-boterea hartu eta gobernu proletario bat ezartzen duela, erabaki ahalko du nola berreraiki gizartea populazioaren gehiengo zabalaren mesedetan, nola antolatu lana, etxebizitzak, hezkuntza eta kalitatezko osasun zerbitzuak.

         Azken batean, soilik iraultza sozialistaren hedatze internazionalak ase ditzake jendearen oinarrizko beharrak: pobreziarekin amaitzea, menderakuntza inperialistatik askatzea, emakumeen eta baita homosexualen eta transexualen sektore arras zapalduen berdintasun soziala. Guretzat, estatubatuar pizti inperialistaren erraietan gaudelarik, biziki inportantea da Puerto Ricoren askapen nazionalaren aldeko borroka. Garai hartan iraultzailea zen Internazional Komunistaren kide izateko “21 kondizioek” nabarmentzen duten bezala —1920an onartuak— komunisten betebeharra da “kolonien askapen nazionalaren aldeko mugimendu orori laguntzea, ez bakarrik hitzez, baita ekintzez ere”. Eginkizun honen baitan doa “herrialdeko langileen bihotzetan benetako elkartasun jarrera bat erakutsi behar dela kolonietako herri langilearekiko eta nazio zapalduekiko”.

—LKI ( Liga Komunista Internazionala - 4. Internazionalaren aldekoa),
Workers Vanguard.
Trotskistak blog-ak euskaratua.