astelehena

Trotsky: « Inperialismoari aurre egin behar zaio faxismoari aurre egiteko »


 

Bilbo (Bizkaia), 2019ko apirila
Vox-en aurkako mobilizazioan txakurrek antifaxistak erasotu zituzten.

 

Trotskyk Kubako prentsari:
« Inperialismoari aurre egin behar zaio
faxismoari aurre egiteko »


P

olitikan, gauzarik inportanteena eta —nire ustez— zailena, mundu modernoko herrialde guztietan gertatzen den hil ala biziko borrokaren lege orokorrak definitzea da, alde batetik ; eta, bertzetik, herrialde bakoitzarentzako lege horien konbinazio berezia aurkitzea. Gaur egungo gizateria osoa, britainiar langileetatik Etiopiako nomadetaraino, inperialismoaren uztarriaren azpian bizi da. Ezin da hau ahantzi ezta minutu batez. Baina horrek ez du erran nahi inperialismoa modu berdinean agertzen denik herrialde guztietan. Ez. Herrialde batzuk inperialismoa daramate, bertze batzuk haien biktimak dira. Horixe da Estatu eta nazio modernoen oinarrizko banalerroa. Ikuspuntu honetatik, eta soilik aipaturiko ikuspuntutik, hartu behar da kontutan faxismoaren eta demokraziaren auzia, hain konplexua dena.

            Mexikorentzat, adibidez, demokraziak herrialde semi-kolonial batek dependentziatik ihes egiteko gogoa erran nahi du, nekazariei lurra ematea, indiarren maila kulturala igotzea, eta abar. Hitz batez errateko, Mexikoko arazo demokratikoek izaera progresista eta iraultzailea dute. Eta zer erran nahi du demokrazia Britainia Handian? Existitzen dena mantentzea, batez ere metropoliak kolonien gainean duen menperakuntza. Gauza bera Frantzian. Herrialde hauetan demokraziaren banderek ezkutatu nahi dute gutxiengo pribilegiatu batek gehiengo zapaldu baten gainean duen nagusitasun inperialista.

Faxismoa eta inperialismoa

Berebat, ezin dugu faxismoaz hitz egin “orokorrean”. Alemanian, Italian eta Japonian faxismoa eta militarismoa inperialismo gutiziatsu, sabelkoi, eta beraz, erasokor bat da. Latinoamerikako herrialdeetan faxismoa atzerriko inperialismoarekiko dependentziarik makurrenaren isla da. Gai izan behar gara, forma politikoaren azpian, eduki ekonomiko eta soziala aurkitzeko.

            Intelligentsiako zenbait zirkuluren artean entzutetsu bihurtu da “Estatu demokratiko guztien batasuna”ren aldeko ideia, faxismoari aurre egiteko. Nire iritziz ideia hori fantastikoa da, lilurakeria, soilik masei engainatzeko balio du, bereziki herri ahul eta zapalduei. Norbaitek sinetsi dezake benetan, sikiera une batez, Chamberlainek, Daladierrek edo Roosveltek, “demokrazia”ren printzipio abstraktua defenditzeko, gerra bat deklaratzeko gai direnik? Britainiar gobernuak demokrazia horrenbeste maitatuko balu Indiari askatasuna emanen lioke. Gauza bera Frantziaren kasuan. Britainia Handiak nahiago du Francoren diktadura Espainian langileen eta nekazarien aginte politikoa baino, Franco britainiar inperialismoaren agente atsegin eta fidagarriagoa izan daitekeelako. Ingalaterrak eta Frantziak ez zioten aurre egin Hitler-i Austria entregatu ziotenean, baina halabeharrez gerra deklaratuko liokete beraien koloniak ukitzeko ausardia izango balu.

            Ondorioz, ez dago faxismoari aurre egiterik inperialismoari aurre egin gabe. Herrialde kolonial eta semi-kolonialek, lehen-lehenik, euren zapaltzaile zuzena den herrialde inperialistaren aurka borrokatu behar dute, faxismoaren edo demokraziaren mozorroa janzten duen erreparatu gabe.

            Latinoamerikako herrialdeetan, faxismoaren aurka borrokatzeko modurik hoberena, eta seguruena, laborantza-iraultza egitea da. Mexikok urrats inportanteak eman zituenez zentzu honetan, Cedillo jeneralaren altxamendua airean gelditu zen. Aldiz, Espainian, Azañaren gobernuak —eta bere aliatu Stalin-ek— errepublikanoen porrot latzen errua dute, laborantza-iraultza eta langileen mugimendu independentea deuseztatu dituztelako. Herrialde ahul eta semi-kolonialetan, politika sozial kontserbadore batek, eta erreakzionario batek are gehiago, traizioa egiten dio, hitz honen zentzurik zabalenean, independentzia nazionalari.

Stalin — mundu mailako jendarmea

Galdetuko zait nola azaldu daitekeen Urriko Iraultzatik sortutako gobernu sobietar batek mugimendu iraultzailea suntsitzea Espainian. Erantzun erraza du horrek: kasta burokratiko pribilegiatu berri batek, arras kontserbadore, handizale eta tiranikoak soviet-en gainetik jartzea lortu du. Burokrazia honek ez du konfiantzarik masetan eta beldurra die. Klase agintarietara gerturatu nahi du, inperialista “demokratiko”etara bereziki. Stalin-ek, bere fidagarritasuna frogatzeko, poliziaren rola hartzeko prest da mundu mailan. Burokrazia stalinista eta bere agentzia —Komintern-a— herri ahul eta kolonialen independentzia eta aurrerabidearentzat arriskurik handiena dira orain.

            Kuba oso gutxi ezagutzen dut, eta beraz ezin dut zuen aberriari buruzko iritzi independenterik eman. Zuek nik baino hobeki epaitu dezakezue arestian emandako iritziak Kubako egoerari aplikatu ahal zaizkion. Niri dagokidanez, espero dut laster Antilletako Perla bisitatzeko aukera izatea, zuen herria gertuagotik ezagutzeko; herri honi nire agurrik bero eta zintzoenak bidaltzen dizkiot zuen egunkariaren bitartez.

Coyoacan, D.F.

—Lev TROTSKY, iraultzaile boltxebike-leninista; 1938ko irailak 21.
 
Socialist Appeal , New York, 1938-aza.-8
SWP / Socialist Workers Party

 "Communist League of America for the Fourth International".
"...workers republic in Cuba against American intervention -Communist League of America-"