Liga Komunista Internazionala:
NATOren eta EBren erasoak gerra probokatu du
Ukrainan
Behera
Europar Batasuna eta NATO!
Ukrainako eta Errusiako langileak:
Bira itzazue
armak zuen agintarien aurka!
( Itzulpen ez ofiziala. Jatorrizkoak: https://www.spartacist.org/ )
NATOren eta Europar Batasunaren hamarkadetako zabalkuntzak,
Estatu Batuen buruzagitzapean, Errusiak Ukraina inbaditzea probokatu du.
Sobietar Batasuna suntsitu zuen kontrairaultza kapitalista prestatu ondoren,
ekialdera zabaldu dira potentzia inperialistak, Errusiako mugaraino hain zuzen
ere, eta harekin batera harrapakeria, gatazka etnikoak eta umiliazioa eraman
dute. Mendebaldeko inperialistek beraien amorrua adierazten dute Errusiaren “gerra
erasokorraren” eta Ukrainaren burujabetzaren urraketaren aurrean. Sumindura
horren benetako arrazoia Ekialdeko Europa lapurtzeko duten eskubide
esklusiboari —eta eskualdean ezarritako hegemonia estatubatuarrari— Errusiak desafio
egiten ari zaiola da. Krisien eta gerren ziklo amaigabea errotik gelditu behar
da, zentro inperialistetan iraultza sozialistak antolatuz. Bizi bedi
iraultza proletarioa EE.BB.etan! Bizi bitez Europako estatu batu
sobietarrak, borondate askez elkarturik!
Irtenbide progresista
bakarra dago Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren aurrean: Bi
klase kapitalisten arteko gerra hau gerra zibiletan bilakatu behar da,
langileek bi klase kapitalista horiek uzkailtzen dituztelarik. Dei egiten diegu Ukrainako eta Errusiako soldadu
eta langileei: Anaitu zaitezte! Bira itzazue armak zuen agintarien aurka!
Funtsean, gerra honetan Ukraina zein
eragin-eremuren menpe egongo den dago jokoan, eta Errusiako zein Ukrainako
indar armatuen garaipenak zapalkuntza gehiago baino ez du ekarriko. Ukrainako
gobernua borrokan ari da ez Ukraina askatzeko, baizik-eta NATOko eta EBko
potentzia inperialisten aurrean are esklaboago izateko, EE.BB.k babestutako 2014ko
estatu-kolpearen ondotik loturik egon baita potentzia horietara. Bere
garaipenak Ukrainako gutxiengo errusiarrarentzat ere zapalkuntza
handiagoa ekarriko luke. Bestalde, Ukrainaren inbasio errusiarrak kate
inperialistaren ordez errusiar zartailua ezarri nahi du. Donetsk eta
Luhansk-eko autogobernuaren aldeko borroka nazional zilegia atxikirik gelditu
da orain Errusiaren gerra-helburu erreakzionario handiei. Iraultzak, bai
Ukrainan bai Errusian, afera nazionala konponduko luke, oligarkia deuseztatuko
luke, eta nazioartean, langileetzat inspirazio izango litzateke beraien
esplotatzaile propioen aurka zutitzeko.
Gaurko gerraren irtenbide iraultzailea beharrezkoa
izateaz gain, posiblea ere bada. 1917an bezalaxe, Errusiako eta Ukrainako
langileak kanoi-bazkatzat hartu zituzten beraien agintariek. Beraien ofizialei
tiro eginez eta boltxebikeen lidergoari segitzen zioten langile iraultzaileei
elkartuz egoerari bukaera eman zioten, beraien esplotatzaileak —kapitalistak
eta lur-jabeak— egotzi zituztelarik, munduko iraultzarik handienean. Aurrera
Errusiako eta Ukrainako Urriko Iraultza berrien aldeko borroka!
Mundu kapitalista pandemiak eragindako
krisiak bi urtez xehakatu du. Konfinamenduak, langabezia, lan-erritmoen
azkartzea, inflazioa eta birrindutako osasungintza munduko langileen benetako
egoera da. Egungo gerrak langileen bizi-baldintzen hondoratzea azkartu eta
klase-antagonismoak areagotuko ditu. Iraultzaileen zeregina gizarte
kapitalisten hondoan pilatzen den amorru gordina eraldatzea da, gerrak, miseriak
eta esplotazioak duten irtenbide bakarraren alde eginez: botere proletario
internazionala ezartzea, alegia.
Pandemiak argi erakutsi du langile-mugimenduaren
gaurko buruzagien erabateko porrota. Langileriak birus baten zein kapitalisten
erasoak jasaten ari zen bitartean, klase-traidore hauek (sozialdemokratak,
stalinistak eta burokrata sindikalak) zeharo izan dira patroien aldeko,
konfinamendu gehiago eta sakrifizio gehiago exijitu dituztelarik. Orain, buruzagi
faltsu hauexek, bereziki zentro inperialistetan, langileak Estatu Batuen eta
beraien aliatuen kausari babesa ematera eramaten dituzte, NATOri eta EBri betirako
leialtasuna promesten diote, eta Errusia ito arte zigortu behar dela exijitzen
dute. Traizio gehiagorik ez! Langileek zigorrei eta Ukrainari
laguntza militarra emateari aurre egin behar diote! Atzerrian egiten den
harrapakaritza inperialistaren edota gure etxean bertan bizi-baldintzen
kaltetan egiten diren erasoen aurka borrokatzeko, langileriak egun daukan
buruzagitzarekin hautsi egin behar du. Kapitalismoaren ehorzlearen
rol historiko-mundiala bete ahal izateko zuzendaritza iraultzaile berri bat
behar du. IV. Internazionala berreraiki!
Inperialismoaren
lekaio “sozialistak”
Inperialismoaren eta gerraren kontrako benetako
oposizio iraultzaile bat eraikitzeko aldez-aurreko baldintza sasi-trotskisten,
stalinisten eta maoisten aurka urrikirik gabe borroka egin behar da, zeren-eta
erabiltzen dituzten eslogan bakezale eta “antiinperialistak” beraien ugazaba inperialista eta burgesia
nazional propioekiko duten erabateko morrontza ezkutatzeko baino ez du balio.
Hain zuzen ere Leninek halako oportunisten auka ohartarazi gintuen Lehen Mundu
Gerran: “Sofisma nabarien bitartez, marxismoari kendu egiten zaio bere arima bizi eta iraultzailea, marxismotik dena
onartzen da borroka-bitarteko iraultzaileak, bitarteko horiexen aldeko
propaganda eta prestaketa, eta xede horretan masak hezitzea izan ezik”
(Sozialismoa eta gerra [1915]). Hona hemen gaurko oportunistek
hedatzen dituzten engainuak:
·
“Gerrarik ez Ukrainan”.
Eslogan hau, ezkertiarren artean oso erabilia, iruzur bakezale bat da, zeren-eta
herriari sinetsarazi egiten zaio gerrak irtenbide justu bat izan dezakeela
borroka iraultzailerik gabe. Lapur kapitalisten arteko inolako su-etenik edota
bake-akordiorik ez ditu konponduko gerraren kausak. Horrelako edozein akordio
Errusiako eta Ukrainako langileen aurka zuzenduta egongo da halabeharrez eta
hurrengo gatazka ankerrari bidea urratuko dio. Bake iraunkor eta demokratiko
bat nahi izanez gero, gaurko gerra kapitalista Errusiako eta Ukrainako
burgesien aurkako gerra bilakatzearen alde borrokatu behar da, eta orobat,
iraultza herrialde inperialistetara zabaltzeko.
·
“Tropa errusiarrak, alde Ukrainatik!”
(esate baterako, Committee for a Workers’ International-en aldarria). NATOren
eslogana da, eta Ukrainako gobernuaren garaipena esan nahi du, besterik ez.
Estatu Batuetan, Britainia Handian, Frantzian edota Alemanian aldarri hau
egiten dutenek ez dute ukrainar langileen askatasunaren alde egiten, baizik-eta
beraien agintari inperialista propioek Ukraina libreki lapurtzearen alde.
·
“Behera NATO!”.
Beharrezko aldarrikapen bat da hau, baina hori esatea NATOren apendize
ekonomikoa den EB-ri aurre egin gabe militarismorik gabeko inperialismoaren posibilitatearekin
liluratzea eragiten du. Finantza-kapitalak eragindako harrapaketa ekonomiko
“baketsuak” bidea urratzen dio gerrari. EB
eta euroa harrapaketa hori egiteko tresnak dira. Alemaniak eta Frantziak
zuzendutako EB onuragarritzat hartzea eta Estatu Batuek zuzendutako NATO
“militaristatik” aparte aurkeztea sozialchauvinismoa besterik ez da. Lutte
Ouvrièrek, adibidez, NATO salatzen duen bitartean Ukrainari Europar Batasuneko
kidetza eta “horrekin batera lortu zitzakeen abantaila apurrak” ukatu zizkiotela
deitoratzen du (otsailak 22). Inperialismo frantsesaren aurrean errenditze latz
bat da hori! Galde iezaiozue Europako langileei: EB-k itotze ekonomikoa eta
menderatze nazionala besterik ez du ekartzen.
·
“Errusiar inperialismoaren aurka” (Alemaniako
Alderdi Marxista-Leninistaren jarrera, beste askoren artean). “Errusiar
inperialismoaren” aurkako demagogiak beraien ugazaba inperialista propioen krimenak
ezkutatzeko balio du, langileei engainatu egiten zaie etsai nagusia benetan
zein den estaliz. Mundua New York, Frankfurt, Paris, Londres eta Tokioko
finantza-kapitalaren zentroen menpe dago, ez Moskukoa. Egiazki erreakzionarioa
den arren, errusiar klase menperatzailea ez da inperialista. Bere langileria
zapaltzen du eta eskualdeko potentzia bat da. Aldiz, inperialistek mundu osoko
langileen odola xurgatzen dute.
·
“Ukrainako gerra inperialistari ez” (Greziako
Alderdi Komunista eta abar). Zabor bakezalea, azal “antiinperialista” bat
erantsirik. Gerra hau inperialista dela esatea langileen begietara hondarra
jaurtitzea da. NATO edo beste edozein potentzia inperialista bat zuzenean
sartuko balitz gerran, nahitaezkoa izango litzateke iraultzaile ororentzat
militarki Errusiari babesa eman eta inperialisten porrota bilatzea, munduko
erreakzio kapitalistaren gotorleku nagusia direlako. Zeregin horri uko egiten
diote hain zuzen ere “errusiar inperialismoaren” inguruan aztoratzen dabiltzanak.
·
“Errusiaren aldeko izan behar al dute langileek?”.
Zenbait ezkertiarren ustez, Errusiak inperialistei desafio egiten dienez gero,
gerra honetan babesa jaso beharko luke. Errusiar chauvinismoaren aurrean amore
ematea da hori. Errusia ez dago gerran inperialisten kontra, baizik-eta
Ukrainako gobernuaren kontra. Ukrainan eta Errusian inperialismoaren auka
borroka egiteko estrategia proletarioa ukrainar eta errusiar langileen arteko
borroka iraultzailean datza, ez Kremlinaren asmoak babestean. Ukrainar nazioa
Errusiaren menpe jartzea antagonismo nazionalak are gehiago sutuko ditu, oztopo
ikaragarri bat altxatuz goian aipatutako helburuaren aurrean.
Sasi-marxista
guztiek sumindurik ulu egin zuten Putin chauvinista errusiarrak Leninen
zapalkuntza nazionalaren aurkako politika iraultzailea salatu zuenean. Oso
zintzoa izan zela aitortu behar da. Baina benetan Lenini gaurko gerran babesa
ematea traidore sozialchauvinistei mozorroa kentzea da, zeren-eta hitzez erretorika
“sozialista” erabiltzen duten bitartean, ekintzez inperialisten morroi dira.
Horri dagokionez, Leninek bere burua defenditu dezake:
«Burgesiak,
hain zuzen ere, bakearen inguruko esaldi hipokritak eta ezertarako
konprometitzen ez duten hitz hutsalak behar ditu, gerra garaian langileen
borroka iraultzailea desbideratzeko, logaletu daitezen,
“anexiorik gabeko bakearen” esperantzarekin edota bake demokratikoarekin kontsolatu
daitezen, eta abar [...] Bakearen programa sozialistaren puntu nagusi eta
oinarrizkoa bakearen programa Kautskytarrari mozorroa kentzea da,
indartu egiten duelako burgesiaren eragina proletalgoaren
barnean».
—«“Bakearen
programari” buruz» (1916)
Liga Komunista Internazionala (IV. Internazionalaren
aldekoa)
SPARTACISTen gehigarria. Itzulpen ez ofiziala.
2022ko otsailak 27