Liga Komunista Internazionala:
NATOren eta EBren erasoak gerra probokatu du
Ukrainan
Behera
Europar Batasuna eta NATO!
Ukrainako eta Errusiako langileak:
Bira itzazue armak zuen agintarien aurka!
( Itzulpen ez ofiziala. Jatorrizkoak: https://www.spartacist.org/ )
NATOren eta Europar Batasunaren hamarkadetako zabalkuntzak, Estatu Batuen buruzagitzapean, Errusiak Ukraina inbaditzea probokatu du. Sobietar Batasuna suntsitu zuen kontrairaultza kapitalista prestatu ondoren, ekialdera zabaldu dira potentzia inperialistak, Errusiako mugaraino hain zuzen ere, eta harekin batera harrapakeria, gatazka etnikoak eta umiliazioa eraman dute. Mendebaldeko inperialistek beraien amorrua adierazten dute Errusiaren “gerra erasokorraren” eta Ukrainaren burujabetzaren urraketaren aurrean. Sumindura horren benetako arrazoia Ekialdeko Europa lapurtzeko duten eskubide esklusiboari —eta eskualdean ezarritako hegemonia estatubatuarrari— Errusiak desafio egiten ari zaiola da. Krisien eta gerren ziklo amaigabea errotik gelditu behar da, zentro inperialistetan iraultza sozialistak antolatuz. Bizi bedi iraultza proletarioa EE.BB.etan! Bizi bitez Europako estatu batu sobietarrak, borondate askez elkarturik!
Irtenbide progresista bakarra dago Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren aurrean: Bi klase kapitalisten arteko gerra hau gerra zibiletan bilakatu behar da, langileek bi klase kapitalista horiek uzkailtzen dituztelarik. Dei egiten diegu Ukrainako eta Errusiako soldadu eta langileei: Anaitu zaitezte! Bira itzazue armak zuen agintarien aurka!
Funtsean, gerra honetan Ukraina zein eragin-eremuren menpe egongo den dago jokoan, eta Errusiako zein Ukrainako indar armatuen garaipenak zapalkuntza gehiago baino ez du ekarriko. Ukrainako gobernua borrokan ari da ez Ukraina askatzeko, baizik-eta NATOko eta EBko potentzia inperialisten aurrean are esklaboago izateko, EE.BB.k babestutako 2014ko estatu-kolpearen ondotik loturik egon baita potentzia horietara. Bere garaipenak Ukrainako gutxiengo errusiarrarentzat ere zapalkuntza handiagoa ekarriko luke. Bestalde, Ukrainaren inbasio errusiarrak kate inperialistaren ordez errusiar zartailua ezarri nahi du. Donetsk eta Luhansk-eko autogobernuaren aldeko borroka nazional zilegia atxikirik gelditu da orain Errusiaren gerra-helburu erreakzionario handiei. Iraultzak, bai Ukrainan bai Errusian, afera nazionala konponduko luke, oligarkia deuseztatuko luke, eta nazioartean, langileetzat inspirazio izango litzateke beraien esplotatzaile propioen aurka zutitzeko.
Gaurko gerraren irtenbide iraultzailea beharrezkoa izateaz gain, posiblea ere bada. 1917an bezalaxe, Errusiako eta Ukrainako langileak kanoi-bazkatzat hartu zituzten beraien agintariek. Beraien ofizialei tiro eginez eta boltxebikeen lidergoari segitzen zioten langile iraultzaileei elkartuz egoerari bukaera eman zioten, beraien esplotatzaileak —kapitalistak eta lur-jabeak— egotzi zituztelarik, munduko iraultzarik handienean. Aurrera Errusiako eta Ukrainako Urriko Iraultza berrien aldeko borroka!
Mundu kapitalista pandemiak eragindako krisiak bi urtez xehakatu du. Konfinamenduak, langabezia, lan-erritmoen azkartzea, inflazioa eta birrindutako osasungintza munduko langileen benetako egoera da. Egungo gerrak langileen bizi-baldintzen hondoratzea azkartu eta klase-antagonismoak areagotuko ditu. Iraultzaileen zeregina gizarte kapitalisten hondoan pilatzen den amorru gordina eraldatzea da, gerrak, miseriak eta esplotazioak duten irtenbide bakarraren alde eginez: botere proletario internazionala ezartzea, alegia.
Pandemiak argi erakutsi du langile-mugimenduaren gaurko buruzagien erabateko porrota. Langileriak birus baten zein kapitalisten erasoak jasaten ari zen bitartean, klase-traidore hauek (sozialdemokratak, stalinistak eta burokrata sindikalak) zeharo izan dira patroien aldeko, konfinamendu gehiago eta sakrifizio gehiago exijitu dituztelarik. Orain, buruzagi faltsu hauexek, bereziki zentro inperialistetan, langileak Estatu Batuen eta beraien aliatuen kausari babesa ematera eramaten dituzte, NATOri eta EBri betirako leialtasuna promesten diote, eta Errusia ito arte zigortu behar dela exijitzen dute. Traizio gehiagorik ez! Langileek zigorrei eta Ukrainari laguntza militarra emateari aurre egin behar diote! Atzerrian egiten den harrapakaritza inperialistaren edota gure etxean bertan bizi-baldintzen kaltetan egiten diren erasoen aurka borrokatzeko, langileriak egun daukan buruzagitzarekin hautsi egin behar du. Kapitalismoaren ehorzlearen rol historiko-mundiala bete ahal izateko zuzendaritza iraultzaile berri bat behar du. IV. Internazionala berreraiki!
Inperialismoaren
lekaio “sozialistak”
Inperialismoaren eta gerraren kontrako benetako oposizio iraultzaile bat eraikitzeko aldez-aurreko baldintza sasi-trotskisten, stalinisten eta maoisten aurka urrikirik gabe borroka egin behar da, zeren-eta erabiltzen dituzten eslogan bakezale eta “antiinperialistak” beraien ugazaba inperialista eta burgesia nazional propioekiko duten erabateko morrontza ezkutatzeko baino ez du balio. Hain zuzen ere Leninek halako oportunisten auka ohartarazi gintuen Lehen Mundu Gerran: “Sofisma nabarien bitartez, marxismoari kendu egiten zaio bere arima bizi eta iraultzailea, marxismotik dena onartzen da borroka-bitarteko iraultzaileak, bitarteko horiexen aldeko propaganda eta prestaketa, eta xede horretan masak hezitzea izan ezik” (Sozialismoa eta gerra [1915]). Hona hemen gaurko oportunistek hedatzen dituzten engainuak:
· “Gerrarik ez Ukrainan”. Eslogan hau, ezkertiarren artean oso erabilia, iruzur bakezale bat da, zeren-eta herriari sinetsarazi egiten zaio gerrak irtenbide justu bat izan dezakeela borroka iraultzailerik gabe. Lapur kapitalisten arteko inolako su-etenik edota bake-akordiorik ez ditu konponduko gerraren kausak. Horrelako edozein akordio Errusiako eta Ukrainako langileen aurka zuzenduta egongo da halabeharrez eta hurrengo gatazka ankerrari bidea urratuko dio. Bake iraunkor eta demokratiko bat nahi izanez gero, gaurko gerra kapitalista Errusiako eta Ukrainako burgesien aurkako gerra bilakatzearen alde borrokatu behar da, eta orobat, iraultza herrialde inperialistetara zabaltzeko.
· “Tropa errusiarrak, alde Ukrainatik!” (esate baterako, Committee for a Workers’ International-en aldarria). NATOren eslogana da, eta Ukrainako gobernuaren garaipena esan nahi du, besterik ez. Estatu Batuetan, Britainia Handian, Frantzian edota Alemanian aldarri hau egiten dutenek ez dute ukrainar langileen askatasunaren alde egiten, baizik-eta beraien agintari inperialista propioek Ukraina libreki lapurtzearen alde.
· “Behera NATO!”. Beharrezko aldarrikapen bat da hau, baina hori esatea NATOren apendize ekonomikoa den EB-ri aurre egin gabe militarismorik gabeko inperialismoaren posibilitatearekin liluratzea eragiten du. Finantza-kapitalak eragindako harrapaketa ekonomiko “baketsuak” bidea urratzen dio gerrari. EB eta euroa harrapaketa hori egiteko tresnak dira. Alemaniak eta Frantziak zuzendutako EB onuragarritzat hartzea eta Estatu Batuek zuzendutako NATO “militaristatik” aparte aurkeztea sozialchauvinismoa besterik ez da. Lutte Ouvrièrek, adibidez, NATO salatzen duen bitartean Ukrainari Europar Batasuneko kidetza eta “horrekin batera lortu zitzakeen abantaila apurrak” ukatu zizkiotela deitoratzen du (otsailak 22). Inperialismo frantsesaren aurrean errenditze latz bat da hori! Galde iezaiozue Europako langileei: EB-k itotze ekonomikoa eta menderatze nazionala besterik ez du ekartzen.
· “Errusiar inperialismoaren aurka” (Alemaniako Alderdi Marxista-Leninistaren jarrera, beste askoren artean). “Errusiar inperialismoaren” aurkako demagogiak beraien ugazaba inperialista propioen krimenak ezkutatzeko balio du, langileei engainatu egiten zaie etsai nagusia benetan zein den estaliz. Mundua New York, Frankfurt, Paris, Londres eta Tokioko finantza-kapitalaren zentroen menpe dago, ez Moskukoa. Egiazki erreakzionarioa den arren, errusiar klase menperatzailea ez da inperialista. Bere langileria zapaltzen du eta eskualdeko potentzia bat da. Aldiz, inperialistek mundu osoko langileen odola xurgatzen dute.
· “Ukrainako gerra inperialistari ez” (Greziako Alderdi Komunista eta abar). Zabor bakezalea, azal “antiinperialista” bat erantsirik. Gerra hau inperialista dela esatea langileen begietara hondarra jaurtitzea da. NATO edo beste edozein potentzia inperialista bat zuzenean sartuko balitz gerran, nahitaezkoa izango litzateke iraultzaile ororentzat militarki Errusiari babesa eman eta inperialisten porrota bilatzea, munduko erreakzio kapitalistaren gotorleku nagusia direlako. Zeregin horri uko egiten diote hain zuzen ere “errusiar inperialismoaren” inguruan aztoratzen dabiltzanak.
·
“Errusiaren aldeko izan behar al dute langileek?”.
Zenbait ezkertiarren ustez, Errusiak inperialistei desafio egiten dienez gero,
gerra honetan babesa jaso beharko luke. Errusiar chauvinismoaren aurrean amore
ematea da hori. Errusia ez dago gerran inperialisten kontra, baizik-eta
Ukrainako gobernuaren kontra. Ukrainan eta Errusian inperialismoaren auka
borroka egiteko estrategia proletarioa ukrainar eta errusiar langileen arteko
borroka iraultzailean datza, ez Kremlinaren asmoak babestean. Ukrainar nazioa
Errusiaren menpe jartzea antagonismo nazionalak are gehiago sutuko ditu, oztopo
ikaragarri bat altxatuz goian aipatutako helburuaren aurrean.
Sasi-marxista guztiek sumindurik ulu egin zuten Putin chauvinista errusiarrak Leninen zapalkuntza nazionalaren aurkako politika iraultzailea salatu zuenean. Oso zintzoa izan zela aitortu behar da. Baina benetan Lenini gaurko gerran babesa ematea traidore sozialchauvinistei mozorroa kentzea da, zeren-eta hitzez erretorika “sozialista” erabiltzen duten bitartean, ekintzez inperialisten morroi dira. Horri dagokionez, Leninek bere burua defenditu dezake:
«Burgesiak, hain zuzen ere, bakearen inguruko esaldi hipokritak eta ezertarako konprometitzen ez duten hitz hutsalak behar ditu, gerra garaian langileen borroka iraultzailea desbideratzeko, logaletu daitezen, “anexiorik gabeko bakearen” esperantzarekin edota bake demokratikoarekin kontsolatu daitezen, eta abar [...] Bakearen programa sozialistaren puntu nagusi eta oinarrizkoa bakearen programa Kautskytarrari mozorroa kentzea da, indartu egiten duelako burgesiaren eragina proletalgoaren barnean».
—«“Bakearen programari” buruz» (1916)
Liga Komunista Internazionala (IV. Internazionalaren aldekoa)
SPARTACISTen gehigarria. Itzulpen ez ofiziala.
2022ko otsailak 27