larunbata

Lenin: Sozialismoa eta erlijioa


Trotsky, Lenin eta Kamenev
Lenin:
SOZIALISMOA ETA ERLIJIOA


Langileek pairatzen duten zapalkuntza ekonomikoak nahitaez sortu eta eragiten du —era guztien bidez— zapalkuntza politikoa eta degradazio soziala, herriaren bizitza intelektuala eta morala are gehiago miserable eta ilun bihurtuz. Langileek beren emantzipazio ekonomikoa lortzeko askatasun politiko maila handiagoa edo txikiagoa eskuratu dezakete, baina kapitalaren menperakuntza irauten duen bitartean, ez da izango halako askatasun mailarik miseriatik, langabeziatik eta zapalkuntzatik libratuko dituenik.  Erlijioa edonon herriak jasaten duen zapalkuntza espiritualaren moduetako bat da, besteentzako egindako lan itogarriak, pobreziak eta isolamentuak eragina. Klase zapalduen artean zapaltzaileen aurkako borrokak eragiten duen inpotentziak nahitaez eragiten  du heriotzaren ondorengo bizitza hobeago batean sinistea, basatiaren inpotentziak naturaren aurkako borrokan jainkoetan, deabruetan, mirarietan eta abarretan sinistea eragiten duen bezala. Erlijioak bizitza osoa pobrezian murgilduta daudenei meneko eta pazientziatsu izaten irakasten die, eta zeruko sariaren itxaropena izatearekin kontsolatzen ditu. Erlijioak, besteen lanaren lepotik bizi direnei, karitatetsu izaten irakasten die, esplotatzen jarraitzeko aitzakia eta zeruranzko txartel merke bat emanez. Erlijioa herriaren opioa da. Erlijioa pozoin espiritual baten antzeko zerbait da, zeinean kapitalaren esklaboek kontzientzia ito eta giza existentzia duin baten nahia baretzen duten.

Baina bere esklabotasunaren kontzientzia hartu eta emantzipazioaren aldeko borrokara jaiki den esklaboa ez da jada guztiz esklabo. Gaur-egungo langile kontzienteak, lantegi handi batean hezitua, hiriko bizitzak argitua, mespretxuz baztertzen ditu sineskeri erlijiosoak. Langile horrek apaiz eta burges itxuratientzat uzten du zerua. Bizitza hobeago baten alde borroka egiten du hemen, Lurrean. Proletalgo modernoak sozialismoaren alde agertzen da, eta zientziaren laguntzaz erlijioaren lanbroa desagerraraziz, langileak bizitza hobeago baten aldeko borrokan antolatzen ditu, heriotzaren ondorengo bizitzan fedea izatetik libratzen dituelarik.

LENIN, Vladimir Ilitx Ulianov (Sozialismoa eta erlijioa, 1905eko abendua)