Independentzia ja !
KATALUNIAKO HERRIAREN DESAFIOA ESTATU
ESPAINIARRAREN AURREAN
Polizia Nazionala eta Guardia Zibila,
alde Kataluniatik !Bizi bedi Kataluniako errepublika proletarioa !
Blog honen itzulpen ez ofiziala.
Ikusi hizkuntza ezberdinetan hemen:
Urriak 3 (2017)— Duela bi egun, Kataluniako erreferenduma eragozteko,
estatu espainiarrak errepresio ikaragarriz erantzun zuen. Bi milioi lagunetik
gora poliziaren oldarraldia desafiatu zuen, eta % 90ak Kataluniako errepublika
independentearen aldeko bozka eman zuen.
Estatu
kapitalista espainiarraren agintari gaztelauek ez dute inolaz ere onartuko
kartzela espainolaren batasun sakratuari aurre egitea; eta kataluniar, euskal
eta galiziar nazioei autodeterminazio-eskubidea ukatu egiten die. Madrilek
ezarritako emergentzia-egoerak argi eta garbi erakusten du katalanek —eta
euskaldunek— jasaten duten zapalkuntza nazionala ezin dela amaitu
independentzia lortu ezean. Autonomia iruzur bat da, Madrilek zartailua
mantentzen du eskutan. Marxista iraultzaileek hartu dezaketen ildo printzipista
bakarra nazio horien berehalako independentzia eskatzea da, eta Espainiako eta
Europako langileek borroka horretara atxiki behar dira.
Bozketaren
aurreko egunetan, Madriletik herrialdea gobernatzen duten chauvinista
gaztelauek erreferenduma ilegalizatu zuten, Europar Batasunaren erabateko
babesarekin. Milaka polizia nazional eta guardia zibil (paramilitarrak) herri
katalan zapalduaren edozein autodeterminazio saiakera zapuzteko bidali
zituzten. Gobernu katalanaren diru-funtsak konfistatu zituzten, buruzagi asko
atxilotu eta beraien egoitzak inbadituak izan dira. Milioika botopaper, kartel
eta hautetsontzi ofizial konfiskatuak izan dira. Kaleetara irten ziren milaka manifestariri
sedizioa egozten diete. Agintari espainolek erreferendumaren aldeko ehunka
web-orri eten zituzten, gobernu katalanarena barne. Erreferenduma antolatzeko
ustezko arduradun orok kartzela-zigorrari eta isun ikaragarriei aurre egin
beharko dio.
Gauean
milaka lagunek eskoletan sartu eta goiza baino lehen elkartu ziren
erreferendumari babesa emateko. Bozkalekuak ireki eta berehala istiluen aurkako
poliziek bidea zabaltzen hasi ziren, botoa ematera zihoazenak kolpatuz, kaleetan
jendea arrastaka eramanez eta hautetsontziak lapurtuz. Kanpoan, gomazko
pilotak, gas negar-eragileak eta borrak erabili zituzten jendearen aurka. Ia
900 lagun zauritu zituzten.
Nahiz-eta
errepresio poliziala erabili, herri katalana ez da makurtu. Edizio hau itxi
baino lehen, gobernu katalanak, negozioetako zenbait antolakundek eta zenbait
sindikatuk errepresioa gaitzesteko antolatutako “geldialdi nazional” batek Katalunia
geldiarazi du. Premiazkoa da Kataluniako eta Espainia osoko langileak
mobilizatzea katalanen eskubide nazionalan defentsan. Espainia osoko langileek
honako hau eskatu behar dute: Erretira ditzatela independentisten aurkako
akusazio guztiak! Guardia Zibila eta Polizia Nazionala, alde Kataluniatik!
Espainiar
gobernuak Kataluniako herriaren kontra erabili duen basakeriak Francoren
diktaduraren urte luzeak gogorarazten du. Kataluniar eta euskal errepublikanoak
abangoardiako paper bat izan zuten 30eko hamarkadako espainiar iraultzan. Baina
1939an, kontrairaultza gailendu zenean, Francisco Franco generalísimo-ak
hamarkadetako errepresio odoltsua zuzendu zuen bai langileriaren aurka, bai
euskal zein kataluniar nazioen kontra. Hortaz, 1975ean Franco hil ondotik,
nazio zapalduen borrokak, nagusiki, lerro nazionala izan zuten ardatz; 30eko
hamarkadan, aldiz, nazio horietako langileek zuzenean borrokatu zuten boterea
konkistatzeko.
Espainia
gobernatzen duen eskuineko alderdia, Alderdi Popularra, Francoren erregimenaren
oinordeko da. Mariano Raxoi presidentearen ustez independentzia-erreferendumak
1978ko konstituzio espainola urratzen du. Espainiar estatuaren batasuna
mantentzea 1978ko konstituzio chauvinista eta antidemokratikoaren muina da,
monarkia kazike bonapartista gisa inposatu zuelarik. PSOEko sozialdemokratek
eta Espainiako Partidu Komunistako stalinistek (PCE; IU-n lurperatua gaur egun)
kriminalki babesa eman zioten konstituzio atzerakoiari, nahiz-eta aldi-berean
“autodeterminazioaren” aldeko laudorioak kantatu. Espainiar “zatiezintasuna”
mantentzeko, estatu polizialaren errepresio ankerraz baliatu dira, PSOE barne,
euskal independentziaren aldeko borrokalarien aurka egiteko.
Milaka lagun irten dira Euskal Herrian
Kataluniar erreferenduma babesteko; Kataluniako gertakariek euskal mugimendu
independentista hauspotu du. Euskal zein kataluniar nazioek, frantziar eta
espainiar mugek erdibiturik, bi estatu kapitalista hauen zapalkuntza pairatzen
dute. Frantziaren menpe dauden kataluniar eta euskal lurraldeetan ere
elkartasun protestak izan dira.
LKI Liga Komunista Internazionalaren azken Konferentzia
Internazionalaren dokumentuan eskribitu genuen bezala: “Frantziak baita ere indarrez kontrolpean dituen probintzien geroa
mugaren alde espainiarrean gertatzen denaren menpe dago. Ipar eta hego, Euskal Herriaren zein
Kataluniaren independentziaren aldeko aldarria egiten dugu.” (“La batalla contra la hidra
chovinista”, Spartacist, 40. alea,
2017ko iraila)
LANGILEEK ASKAPEN NAZIONALAREN ALDE
BORROKATU BEHAR
DUTE
Nazio zapalduen borrokak bulkada itzela eragin dezake
proletalgoaren borroka iraultzailea sustatzeko espainiar erregimen
kapitalistaren aurka. Baina, maila nazionalean, federazio sindikaletako
buruzagitza zentrala, beraien kuartel nagusiak Madrilen dituztelarik, euren
agintari kapitalista propioek duten chauvinismo anti-katalan eta anti-euskaldun
ustelaz kutsaturik daude. Gauzak horrela, Kataluniako herriak bere
independentziaren alde botatu eta hurrengo egunera, Espainiako bi konfederazio
sindikal nagusien (CC.OO. eta UGT-ren) buruzagitza nazionalek, Aldebakarreko
independentzia Aldarrikapenaren aurkako adierazpen bat egin zuten. Idatzi
zutenez: “ez dugu ildo hori ezta
estrategia politiko hori babesten”.
Chauvinismo hori, nazio zapalduak askatzeko borroka
oztopatzeaz gain, herrien kartzela espainolaren baitan dauden langile guztien
borroka ahultzen du euren esplotatzaile kapitalista propioen aurka jaikitzeko. Kataluniaren
aurka Madrileko gobernuak egindako erasoaldiak espainiar faxistak hauspotu
ditu, eta “Katalunia Espainia da” lelopean manifestazioak antolatu dituzte.
Indar horiek mehatxu hilgarri bat dira Espainiako langile, etorkin eta
gutxiengo zapalduentzat; langileriak mobilizazioak egin behar ditu faxistak
geldiarazteko.
Azken asteetan, agintari espainiarrek, euren
konstituzioa, euren tribunalek eta poliziek, hots, ustezko erregimen
demokratikoak, milaka lagunen desafioa izan dute. Institutuetako eta
unibertsitateetako ikasleak greba egin dute, nakazariek traktoreak eraman
dituzte hirietara ondoren blokeoak egin eta hautesleak babesteko. Baina
esanguratsuena erreferenduma defendatzeko sindikatuek egin dituzten ekintzak
izan dira. Bartzelona eta Tarragonako portuetako langileek ez zuten zerbitzurik
eman Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari ostatu emateko dauden barkuetan.
Suhiltzaileen sindikatuek ere ekintzak burutu ditu, segurtasun lerroak osatuz
bozkalekuetan.
Langilegoak indar sozial potentzial itzela dauka, indar
hori martxan jarri behar da independentziaren aldeko borroka defendatzeko.
Erabat beharrezkoa da Kataluniako independentziaren aldeko buruzagi burgesen
defentsa Madrileko errepresioaren aurrean. Aldiz, langileak politikoki independenteak izan behar
dira politikari kapitalistekiko eta hauen alderdiekiko. Hauek ez dira soilik
Partit Demòcrata Europeu Català (PDeCAT) eta Esquerra Republicanako
nazionalista burgesak (Junt pel Sí-n batu direnak), baizik-eta CUPeko (Herri
Batasunaren Hautagaitzako) ezkerreko nazionalistak ere hor sartu behar dira
barne. CUPek bere burua sozialistatzat duen arren, Generalitatean (Kataluniako parlamentuan) PDeCAT
eta Esquerraren gobernu burgesari babesa eman dioen alderdi burges-txiki bat da.
Kataluniar burgesiarentzat, independentziak burgesiak
berak etekinak ateratzeko esplotatzen dituen horiek gobernatzeko aukera
eskaintzen dio. Burgesiak bere indar errepresibo kapitalistak erabiliko ditu,
esate baterako Esquadra Mossoak, langileriaren aurka. Suizida izango litzateke
proletalgoak eta zapalduek burgesia kataluniarrean konfiantza izango baluteke
askapen nazionalaren aldeko borrokan. Bizi bedi kataluniar errepublika proletarioa!
Boltxebikeek erakutsi zuten aurrerabidea, izan ere, autodeterminazio nazionalaren
eskubidearen defendatzaile hoberenak izanik, euren banderara erakarri zituzten
nazio zapalduak. Lev Trotskyk, Leninekin batera 1917ko Iraultza boltxebikea
zuzendu zuenak eskribitu zuen bezala:
“Emantzipazioa
eta loraldi kulturala erdiesteko, nazio zapalduak behartuak zeuden euren patua langile-klasearenarekin
elkartzeko. Eta horretarako ezinbestekoa zuten beraien buruzagitza burges eta
burges-txikiei muzin egitea, hau da, eboluzio historikoaren martxa azkartzea”
—Historia de la Revolución Rusa (1932)
BEHERA
EUROPAR BATASUN INPERIALISTA!
Denbora luzez, kataluniar nazionalista burgesek Europar
Batasunarengan ipini dute euren esperantza salbazioa lortzeko. Erreferendumaren
ostean, Kataluniako gobernuaren buru Carles Puigdemontek esan zuenez: “Dei egiten diot Europari… Europar Batasunak
ezin du ez-entzunarena egin”. Europako Batzordeak, horri erantzunez, argi
utzi zuen E.B.ren jarrera: “atzoko
botazioa ez zen legala izan”, ondoren berretsiz, “Espainiako barne afera bat da eta Espainiako ordena konstituzionalaren
baitan datza”.
Europar Batasunak egungo mugak mantentzearen alde dago,
Espainiaren edo beste edozein estaturen hausturak Europar Batasunaren karten
gaztelu osoa hondoratu dezakelakoan. Geure printzipio marxistei jarraituz
Europar Batasunaren kontra gaude, herrialde kapitalisten kontsortzio atzerakoi
bat delako. Bere xedea irabaziak handitzea da Europa osoko langileak esplotatuz,
bere kide indartsuenek —Alemaniak, eta neurri apalagoan, Frantziak— Europako
estatu ahulenak are hobeki menderatu nahi dituzte. Europar Batasunaren aurka
gaude proletarioak eta internazionalistak garelako. Kontinente osoan langileen
iraultzen alde borrokatzen dugu, iraultza horiek Europako Estatu Batu
Sozialisten federazio boluntarioan izan behar dute gailurra.
2008ko mundu-mailako finantza-krisiaren ondotik, Europar
Batasunak austeritate anker bat ezarri zion Espainiari, eta moneta komun
bat (euroa) duenez, herrialde honek ezin
du bere moneta debaluatu krisia arintzeko. PSOEk, orduan Madrileko gobernuan
zegoela, bere borondatez ezarri zituen Europar Batasunaaren austeritate
neurriak. Era berean, kataluniar nazionalistek ere langileen eta zapalduen
aurkako austeritate izugarri hori administratu duten.
Europar Batasunak ere sindikatuak hausteko ahalegina egin
du Europa osoan. 2014ean, Europar Batasunaren Justizia Tribunalak dekretatu
zuenez espainiar portuetako sindikatuek Europar Batasunaren “enpresa-askatasun”
legeak urratzen dituzte. Raxoiren gobernuak dekretu bat ezarri zuen Europar
Batasunaren legeak ezartzeko. Horri erantzunez, Espainia osoko milaka zamaketarik,
Katalunian eta Euskal Herrian barne, grebak egin dituzte aurten beraien
sindikatua suntsitzeko ahaleginak geldiarazteko asmoz.
EZKER ERREFORMISTA: ERREGIMEN
BURGESARI LEIAL
Urtetan zehar, Espainiako zenbait erreformista,
Kataluniaren independentziaren aurka agertu dira; aldi berean, bere
autodeterminazioaren alde borrokatzen dutela
diote. CRT-k (Corriente Revolucionaria de Trabajadores y Trabajadoras)
—Fracción Trotskista-Cuarta Internacional neomorenistaren kideak—
erreferendumean “erabakitzeko eskubidea” defendatzen duela dio zarata handiz,
baina aldi berean Kataluniaren independentziaren aurka dago argi eta garbi.
Idatzi dutenez: “Ez dugu BAI botatzearen
aldeko deia egiten ez garelako independentistak eta ez dugulako Junts pel Sík
eta CUPek proposatzen duten errepublikaren eta prozesu konstituziogilearen
proiektua babesten” (izquierdadiario.es, irailak 27).
Izquierda Revolucionaria / Esquerra Revolucionàriak
(IR/ER), Peter Taaffe-ren CIO Comité por una Internacional Obrera-ren adarrak,
era berean, “Kataluniako herriak
erabakitzeko eskubidea du!” aldarrikatu zuen, baina tentu handiz ziurtatu
zien independentziaren aurka dauden chauvinistei “independentzia babesten ez duen orok aukera duela botatzera ez joateko
edo ezezko botoa emateko”. Ondoren, milioika lagunek kataluniar errepublika
independente baten aldeko botoa eman baino egun bat lehenago… oportunista itzel
hauek independentziaren alde daudela esan zuten.
Taaffistak PSOE sozialdemokrataren barnean urteak pasa
zituzten eta chauvinismo nazionalaz zeharo blaitu ziren. Duela gutxi,
2014ean, IR/Esquerra Revolucionàriak
agerian uzten zuen independentziaren aurkako ildoa “¡Por el derecho a la
autodeterminación, por el socialismo!” liburuxkan: “Langile mugimenduaren betebeharra, bai han eta bai hemen, Euskal
Herrian eta Katalunian, Estatu espainol osoan eta Europan, ez da estatu berriak
eraikitzea eta muga berriak altxatzea; sozialismoa maila mundialean eraikitzea
baizik”.
Estatu espainol chauvinista gaztelauaren haustura, bere
monarkiarekin eta frankismoaren nostalgikoekin, Espainiako herri langile
osoarentzat aurrerapauso itzela ekarriko luke agintari kapitalista propioen
aurkako borrokan. Kataluniaren eta Euskal Herriaren askapen nazionalaren aldeko borroka estuki loturik dago
kapitalisten boterea suntsitzeko borrokari Espainia eta Frantzia osoan. Borroka
horretan, langileak eta zapalduak zuzentzeko, beharrezkoak dira abangoardiako
alderdi leninista-trotskistak, 4. Internazionala berritu baten adar nazionalak.
Behera
monarkia! Bizi bitez langileen errepublikak!
LIGA
KOMUNISTA INTERNAZIONALA. Itzulpen ez ofiziala.
Nafarroa, Euskal Herria |
Gerda Taro |