larunbata

Lehenengo komunista japoniarrak (Spartacist)


Barrikada bat Moskun, 1905eko iraultzan.
Japonia eta Errusiaren arteko gerrak
iraultza piztu zuen Errusiar Inperioan.


Meiji errestaurazioa: Burgesiaren aldeko iraultza ez-demokratiko bat
Lehenengo komunista japoniarrak
(Spartacist, 28. alea)

Jatorrizko bertsioa:
·         Gazteleraz : https://www.icl-fi.org/espanol/spe/33/meiji.html

Lehenbiziko sozialista japoniarren gehiengoa kristaua zen, eta propaganda-talde txikietara mugatuta zeuden. 1906az geroztik korronte anarkosindikalista bat garatu zen, baina aldiro bere militantziak ikusmolde erreformistena zuen mugimendu sozialistarekin kolaboratzen zuen. 1910ean anarkistarik nabarmenena, Kotoku Shusui, eta bere 26 burkide atxilotu zituzten eta enperadorea eta bere familia hiltzeko konspiratzen ari zirela leporatu zieten. Traizio Handiaren Epaiketa delakoaren ondotik Kotoku eta beste 11 lagun,  horien artean Kanno Suga bere bikotea, exekutatu zituzten, 1911n.  Gertakari hauen ondotik ezkerreko organizazioak deuseztaturik gelditu ziren praktikan.

Katayama Sen, sozialismo japoniarraren hegal eboluzionista eta bakezalearen buruzagi bat, denbora-tarte bat igaro zuen Estatu Batuetan, eta 1914an itzuli egin zen. Han, Alderdi Sozialistarekin egin zuen lan, beltzek pairatzen duten zapalkuntzaren aurkako borrokan interes berezi bat izan zuelarik; eta gerora Japoniar Sozialisten Liga sortu zuen. Errusiako Iraultzaren ondoren boltxebismoaren banderara batu zen, eta 
Kotoku Shusui eta Kanno Suga
1911n exekutatu zituzten
Ligaren zenbait kide Japoniara itzultzea bultzatu zuen, Japoniako Alderdi Komunistaren sorreran lagundu zezaten. 1921. urtearen bukaeran bera joan zen pertsonalki Moskura, eta paper nabarmena eduki zuen 1922tik aurrera Internazional Komunistak [Komintern] Japoniarekin izan zituen hitzarmenetan. Hala ere, zalantzan jarraitzen du zenbaterainokoa izan zen Katayamaren haustura bere jatorri kristau eta bakezalearekiko. Degenerazio stalinistaren garaian,  burokraziaren biraketa eta norabide aldaketa bakoitzari sostengua eman zion leialtasun nekaezina erakutsiz. 1928an, Trotskyk honako hau idatzi zuen: “Egia esan, Katayama, berez,  erabateko gaizki-ulertu bat da... Bere ikusmoldeak progresismoarenak dira, soilik bere gainazalean dutelarik marxismoaren geruza fin bat” (Nork agintzen du Internazional Komunistan?, 1928ko iraila). Hala eta guztiz ere, Estatu Batuetan erakarri zituen burkideek paper nabarmena izan zuten Japoniako mugimendu komunistaren hasierako garaian.

Haatik, Japoniako Alderdi Komunistaren hastapeneko zuzendaritzaren nukleoa Yamakawa Hitoshi, Sakai Toshihiko eta Arahata Kanson bezalako anarkosindikalistetan izan zuen oinarria. Hauei Katayamaren jarraitzaileak batu zitzaizkien, eta baita indibidualki zenbait ikasle,  1. Mundu Gerran sortutako korronte akademiko marxista batetik zetozenak eta hamarkada horretako denbora gehienean gobernuak toleratu zuena. Nahiz-eta gerraren ondoren anarkosindikalistek autoritatea irabazi mugimendu sindikalean, lehenbiziko komunistek sustrai ahulak zeuzkaten langileriaren barnean.

1918ko apirilean, munduko lehenbiziko estatu proletarioa inbaditzen zuen lehenbiziko herrialde inperialista izan zen Japonia. Bere tropak azkenak izan ziren ospa egiten, 1922ko azaroan. Eta hala eta guztiz ere, Japoniak Sakhalin uhartearen kontrola mantendu zuen; Sakhalingo iparraldetik bere tropak erretiratzea onartu zuen 1925ean, azkenik Errusia sobietarrarekin harreman diplomatikoak ezarri baitzituzten. Japoniak Sakhalingo hegoaldea kontrolpean izaten jarraitu zuen harik eta Armada Gorriak handik bota zituen arte, 2. Mundu Gerraren amaieran.

Boltxebikeek Errusiar Iraultzaren banderara erakarritako militante japoniarrekin harremanak izateko ahaleginak egin zituzten, baina Errusiako ekialde urruna esku-hartze militar atzerritarraren eta gerra zibilaren ondorioz suntsituta zegoelarik, harreman hori izugarri zaila zen. Gainera, hasiera batean Yamakawak eta Sakaik ez zuten Internazional Komunistarekin [Komintern] harremanik izan nahi; japoniako polizia sekretua oso eraginkorra baitzen eta tentuz ibili nahi zuten. 1921eko apirilera arte Yamakawak ez zuen onartu Japoniako Alderdi Komunista sortzeko “Prestatze-komite” bat antolatzea —hain zuzen ere, Internazional Komunistak Yi Chung-rim komunista korearra, Meiji Unibertsitateko ikasle ohia, Tokiora bidali zuen arte. Une horretan, komunista japoniarrak anarkosindikalistekin nahastutako zirkulu zehaztugabe bat osatzen zuten. (...)

Spartacist, 58. alea (itzulpena: trotskistak.blogspot)