asteartea

Trotsky: 13. tesia (Etengabeko iraultza)




Kamenev, Lenin eta Trotsky. Mosku, Errusia sobietarra.



Etengabeko iraultza (oinarrizko tesiak)

Trotsky

13)     Stalin-en eta Bukharin-en teoriak —Errusiako iraultzen esperientzia guztiaren kontra— iraultza demokratikoa eta iraultza sozialista mekanikoki kontrajartzeaz gain, iraultza nazionala eta internazionala ere banandu egiten ditu.

Herrialde atzeratuetako iraultzei, burutu ezin den diktadura demokratikoa ezartzeko helburua ematen die, proletalgoaren diktadurari kontrajarriz. Hortaz, lilurakeriak eta fikzioak sortzen ditu politikan, Ekialdean proletalgoak boterea hartzeko borroka geldiarazi eta kolonietako iraultzen garaipena atzeratzen du.

Proletalgoak boterea hartzea, epigonoen teoriaren ikuspuntutik, iraultza burutzea esan nahi du (“bere hamar partetatik bederatzietan”, Stalinen formularen arabera), erreforma nazionalen aroa hasten delarik. Ondorioz, Kulak-a [=nekazari aberatsa] sozialismoan sustraitzearen teoria eta munduko burgesiaren “neutralizazioaren” teoria banaezinak dira sozialismoa herrialde bakarrean eraikitzearen teoriatik. Bi teoria hauek batera sortzen dira, eta batera erori.

Sozialismo nazionalaren teoriak esku-hartze militarraren kontrako borrokarako arma laguntzailetzat hartzen du Internazional Komunista, honen kategoria degradatuz. Gaurko egunez, Komintern-aren politika, bere erregimena eta bere buruzagien hautaketa bat dator osoki destakamentu laguntzailearen rolarekin, zeregin independenteak jorratzerik ez daukana.

—Trotsky, iraultzaile boltxebike-leninista. 

Konstantinopla, 1929ko azaroaren 30a.

 

ostirala

Trotsky: 12. tesia (Etengabeko iraultza)

Spartacist League (Liga Komunista Internazionala)

Etengabeko iraultza (oinarrizko tesiak)

Trotsky

12)      Sozialismoa herrialde bakar batean eraikitzearen teoria Urriko [iraultzaren] aurkako erreakzio gisa sortu zen, eta etengabeko iraultzaren teoriari aurrez aurre modu kontsekuentean kontra egiten dion teoria bakarra da.

Sozialismoa herrialde bakar batean eraikitzearen teoriaren aldeko epigonoak saiatzen dira —kritikak hala behartuta— euren teoriaren aplikazioa Errusiako kasuari murrizten, herrialde horrek dauzkan zenbait berezitasunengatik (bere hedadura eta aberastasun naturalak), baina horrek ez ditu gauzak hobetzen, kontrakoa baizik. Halabeharrez, jarrera internazionalari uko egitea mesianismo nazionalera zuzentzea da, hau da, norberaren herrialdeak dauzkan abantaila eta berezitasun propioak eranstea da, eta ustez beste herrialdeek ezin izan dezaketen rol bat hartzea izango luke.

Lanaren zatiketa mundiala, industria sobietarra atzerriko teknikaren mende egotea, Europako herrialde aurreratuen indar produktiboen dependentzia Asiako lehengaiekiko, eta abar, ezinezkoa egiten dute gizarte sozialista independente bat eraikitzea herrialde bakar batean, munduko edozein tokitan.

—Trotsky, iraultzaile boltxebike-leninista. 

Konstantinopla, 1929ko azaroaren 30a.




Trotsky: 11. tesia (Etengabeko iraultza)

 


Etengabeko iraultza (oinarrizko tesiak)

Trotsky

 

11)      Mundu mailako iraultzaren garapena, trazaturik gelditu den moduan, ezeztatu egiten du sozialismorako “heldu” edo “heldugabeko” herrialdeen arteko bereizketa, Internazional Komunistak gaur egun ezartzen duen sailkapen hil eta pedantearen zentzuaren arabera. Kapitalismoak merkatu mundial bat, lanaren zatiketa mundial bat eta indar produktibo mundialak sortzen dituenez, bere kabuz munduko ekonomia osoa eraldaketa sozialistarako prestatzen du.

            Eraldaketa-prozesu hau erritmo desberdinean gauzatuko da herrialdeen arabera. Kondizio jakin batzuen ondorioz, herrialde atzeratuak aurreratuak baino lehenago heldu daitezke proletalgoaren diktadurara, baina hauek baino geroago sozialismora.

            Herrialde kolonial edo semikolonial batean, bere proletalgoa nekazariak bere ondora batu eta boterea konkistatzeko aski prestaturik egon ezean, ez du gaitasunik iraultza demokratikoa azken bururaino eramateko. Aldiz, herrialde batean proletalgoak iraultza demokratikoaren ondorioz boterea lortzen badu, diktaduraren eta sozialismoaren zoria, azken finean, ez da horrenbesteraino indar produktibo nazionalen baitan egongo, eta hartara, iraultza sozialista internazionalaren eskutan egongo da.

—Trotsky, iraultzaile boltxebike-leninista. 

Konstantinopla, 1929ko azaroaren 30a.