Lenin
9.- Errusiar eta poloniar
sozialdemokraziaren eta II. Internazionalaren jarrera
nazioen autodeterminazioaren inguruan
Autodeterminazioari buruz errusiar sozialdemokrata
iraultzaileen [=boltxevikeen] eta
poloniar sozialdemokraten artean zituzten desadostasunak 1903an agerian geratu
ziren —EAPSD Errusiako Alderdi Proletario SozialDemokrataren programa onetsi
zuen Biltzarrean— eta nahiz-eta poloniar sozialdemokraten ordezkariek protesta
egin, bere programaren 9. paragrafoa onartu zen, nazioen autodeterminazio
eskubidea aitortzen duena. Ordutik, poloniar sozialdemokratek ez zuten inoiz
errepikatu, euren Alderdiaren izenean, 9. paragrafoa ezabatzearen edo beste
adierazpenen batengatik ordezkatzearen proposamena.
Errusian —non nazio zapalduetako biztanleria ez den
%57a baino baxuagoa, 100 milioi lagun baino gehiago; non nazio horiek batez ere
muga-inguruetako lurraldeetan kokatzen diren; non nazio horiek errusiarrak
baino kultura handiagoa duten; non erregimen politikoa bere izaera bereziki
basatiagatik eta Erdi Arokoagatik nabarmentzen den; non oraindik ez den gauzatu
iraultza demokratiko-burgesa— tsarismoak zapaldutako nazioek Errusiatik libreki
banatzeko eskubidearen aitortza erabat nahitaezkoa da sozialdemokratentzat, beren
helburu demokratiko eta sozialisten izenean. Gure Alderdia, 1912ko urtarrilean
berreraikia izan dena, 1913an autodeterminazio
eskubidea berresten zuen erabakia hartu zuen, eta oraintxe adierazitako zentzu zehatzean azaldu
zuen. 1914-1916ko errusiar
chauvinismoaren gehiegikeriak, bai burgesiaren bai sozialista oportunisten
(Rubanovitx-en, Plekhanov-en, Nashe Dielo-ren,
eta abarren) baitan zabaldu dena, aldarrikapen hori indar gehiagoz defendatzera
eta aldarrikapen hori ukatzen dutenek, prakitikan, chauvinismo errusiarra eta
tsarismoa sostengatzen dutela adieraztera bultzatzen gaitu. Gure Alderdiak
irmoki aditzera ematen du autodeterminazio eskubidearen aurkako halako
adierazpenetan ardurarik ez duela.
Berriki adierazi bezala (Zimmerwald-eko Biltzarreko
poloniar sozialdemokraziaren adierazpena), poloniar sozialdemokraziak auzi
nazionalean duen jarrera honako hau da:
Adierazpen horrek alemaniar gobernua zein beste
gobernu batzuk gaitzesten ditu “poloniar lurraldeak” bahitura bat bezala
hartzen dutelako etorkizuneko konpentsazioen azpijokorako, “poloniar herriari bere kabuz bere etorkizuna
erabakitzeko aukera galaraziz”. “Poloniar sozialdemokraziak era kategoriko
eta irmoan protesta egiten du herrialde
oso baten zatikapenaren eta banaketaren aurka”… “Herrialde zapalduen askapenaren kausa” Hohenzollern-en esku utzi
dituzten sozialistak gaitzesten ditu. Eta honako uste sendo hau adierazten du: Nazioarteko
proletalgo iraultzailearen berehalako borrokak, sozialismoaren aldeko borrokak,
“zapalkuntza nazionalaren kateak hautsiko
ditu, atzerriko menperakuntza guztien
formak suntsituko ditu eta poloniar herriari garapen libre eta
zabal bat ziurtatuko dio, berdintasunezko
status batean, herrien batasunean”.
Adierazen horrek gerra “bi aldiz
fratrizidatzat jotzen du poloniarrentzat” (Nazioarteko Batzorde Sozialistaren
buletina, 2. zenbakia, 15. orrialdea, 1915eko irailaren 27a; errusierazko
itzulpena Internazionala eta gerra
bilduman agertu zen, 97. orrialdean).
Tesi horiek, funtsean, ez dira nazioen
autodeterminazio eskubidearen aitortzaren ezberdinak, baina bere adierazpide
politikoak II. Internazionalaren programa eta erabaki gehienek baino
zehaztugabetasun eta lausotasun gehiago erakusten dute. Ideia horiek
adierazpide politiko zehatzetan adierazteko saiakera oro, eta, erregimen
kapitalista bati, edo soilik erregimen sozialista bati, aplika daitezkeen
zehaztea, poloniar sozialdemokratek nazioen autodeterminazioa arbuiatzean
egiten duten akatsa are ageriago utziko du.
1896ko Londreseko Nazioarteko Biltzar Sozialistaren
erabakia, nazioen autodeterminazio eskubidea aitortzen duena, osatu egin behar
da, gorago azaldu ditugun tesietan oinarriturik, honako argibideekin:
1) Inperialismoaren-pean aldarrikapen horrek premia
berezia du.
2) Demokrazia politikoaren aldarrikapen guztiek, aldarrikapen
hau baztertu gabe, baldintzapeko izaera politikoa eta eduki klasista dute.
3) Nazio zapaltzaileen eta nazio zapalduen
sozialdemokraten zeregin zehatzak ezberdintzea beharrezkoa da.
4) Oportunistek eta kautskiarrek autodeterminazioaren
esanahi politikoaren inguruan egiten duten aitortza inkontsekuentea,
erretorikoa eta, beraz, itxurazalea da.
5) “Euren” nazioak zapaltzen dituen kolonien eta
herrialde menperatuen banatze askatasuna defenditzen ez duten sozialdemokratek,
bereziki potentzia handietakoek ( errusiarrek, anglo-iparramerikarrek, alemaniarrek,
frantziarrek, italiarrek, japoniarrek, eta abarrek) benetako antzekotasuna dute
chauvinistekin.
6) Aldarrikapen horren aldeko borroka, demokrazia
politikoaren funtsezko aldarrikapen guztiak bezala, gobernu burgesak uzkailtzearen
eta sozialismoa errealitate bihurtzearen aldeko masen borroka iraultzaile
zuzenaren menpe dago.
Internazionalera eramatea zenbait nazio txikiren
ikuspuntua —bereziki poloniar sozialdemokratena, goiburu nazionalistekin herria
engainatzen duen poloniar burgesiaren aurkako borrokan, modu desegokian autodeterminazioa
ukatzera iritsi direnak— akats teorikoa litzateke; proudhonismoa marxismoaren
ordez defendatzea litzateke, praktikan potentzia handien chauvinismo eta
oportunismorik arriskutsuena nahigabe sostengatzea litzateke.
Errusiako
Alderdi Proletario SozialDemokrataren Sotsial-Demokrat egunkariaren erredakzioak
(*Post-scriptuma ez da itzuli)
—Lenin, Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea
(1916)