igandea

Lenin: Gizarte komunistaren maila gorena

"Estatua existitzen den bitartean ez da askatasuna existitzen. Askatasuna dagoenean ez da Estaturik egongo." (Lenin)
LENIN: ESTATUA ETA IRAULTZA
(5. kapitulua)
4.- GIZARTE KOMUNISTAREN FASE GORENA*

*Itzulpena: F. Engels Fundazioa


Marxek jarraitzen du:

“…Gizarte komunistako fase gorenean, lan banaketarekiko
gizabanakoen menpekotasun esklabotzailea eta, berarekin,
lan intelektualaren eta eskulanaren kontrastea desagertu direnean;
lana bizi baliabide soil bat ez denenan, lehen bizi beharra
baizik; gizabanakoen alde guztietako garapenarekin, ekoizpen
indarrak ere ahazten direnean eta aberastasun kolektiboaren
iturburuak txorrotada bizian isuriko direnean, soilik
orduan gainditu ahalko da eskubide burgesaren ortzemuga estua,
eta gizarteak bere banderan idatzi ahalko du: Bakoitzak,
bere gaitasunen arabera; bakoitzari, bere beharren arabera”.

Orain bakarrik baloratu dezakegu Engelsen azalpenen
arrazoi guztia, “askatasun” eta “Estatu” hitzen elkarketa absurdoaz
errukigabe trufatzen zenean. Estatua existitzen den
bitartean ez da askatasuna existitzen. Askatasuna dagoenean
ez da Estaturik egongo.

Estatuaren erabateko iraungipenaren oinarri ekonomikoak
komunismoaren hain garapen altua suposatzen du, ezen
beragan lan intelektualaren eta eskulanaren kontrastea desagertu
egiten baiten, horrenbestez, ezberdintasun sozial modernoaren
iturri garrantzitsuenetako bat desagertzen delarik,
ezberdintasun iturri hau ezin baita inondik inora bat-batean
ezabatua izan ekoizpen baliabideak jabetza sozial bihurtze
soilagatik bakarrik, kapitalisten desjabetze hutsagatik.

Desjabetze honek ekoizpen baliabideak neurri erraldoietan
garatzeko aukera emango du. Eta, gaur egun jada kapitalismoak
garapen hau nola izugarri baldartzen duen ikusiriketa jada lorturiko teknika modernoaren oinarriaren gainean zenbat aurreratu genezakeen behatuz, eskubidea dugu, usterik sendoenarekin, kapitalisten desjabetzeak ezinbestean gizartearen
ekoizpen indarren garapen erraldoi bat sortuko duela
esateko. Ez dakiguna, eta ezin jakin dezakeguna, garapen
honek eramango duen azkartasuna da; garapen hau lan banaketarekin
haustera, lan intelektualaren eta eskulanaren kontrastea
ezabatzera, lana “lehen bizi behar” bihurtzera iritsiko
den azkartasuna.

Horregatik daukagu Estatuaren nahitaezko iraungipenaz
bakarrik hitz egiteko eskubidea, prozesu honen izaera luzea
nabarmenduz, komunismoaren fase gorena garatzen den
azkartasunarekiko duen mendekotasuna azpimarratuz eta erabat
zintzilik utziz iraungipenaren forma konkretuen epeen auzia,
ez baitaukagu daturik auzi hau ebazteko. [...]

LENIN, Estatua eta iraultza

Komunistak
"Paso al marxismo"
-