Lenin, Kamenev (gibelean) eta Trotsky |
Lenin: ESTATUA
ETA IRAULTZA
5. atalburua (II)
Gizarte komunistaren maila gorena
Itzulpena: F. Engels Fundazioko Itzulpena Taldea (2008)
[...] Estatua, gizarteak honako araua martxan jartzen duenean iraungitu ahal izango da erabat: “Bakoitzak, bere gaitasunen arabera; bakoitzari, bere beharren arabera”; alegia, gizakiak jada bizikidetza arauak betetzera bezain ohituak egongo direnean eta lana beren gaitasunaren arabera borondatez egitekoa bezain emankorra izango denean. “Eskubide burgesaren ortzemuga estua”, Shylok baten zorroztasunez kalkulatzera behartzen duela, bestea baino ordu erdi bakar bat gehiago lan ez egiteko eta bestea baino soldata txikiagoa ez jasotzeko, ortzemuga estu hau gaindituta geratuko da orduan. Produktuen banaketak ez du beharko orduan bakoitzak hartzen duen kopurua gizarteak erregulatzea; gizaki orok hartuko du “bere beharrak” asetzen dituena.
Ikuspuntu burgesetik, erraza da halako erregimen soziala “utopia huts” bezala aurkeztea eta sozialistek denei, herritar bakoitzak egindako lanaren kontrol txikienik gabe, gizartetik nahi beste trufa, auto, piano, etab. lortzeko eskubidea hitzematen diela esanez barre egitea. Burla hauekin asebetetzen diraute gaur arte “jakintsu” burgesen gehiengoa, honekin beren ezjakintasuna eta beren kapitalismoarekiko defentsa interesatua erakutsiz.
Beren ezjakintasuna, zeren ez zaio inongo sozialistari burutik pasa ere egin komunismoaren fase gorenaren etorrera “hitzematea”, eta sozialista handien fase honen etorreraren inguruko aurrikuspenak, oraingoa ez den lanaren emankortasun bat eta oraingo gizaki filistearrak ez diren beste batzuk aurresuposatzen ditu, hauek gai baitira —Pomialovskiren apaizgaiak bezala— “ero-eroan” aberastasun soziala xahutzeko eta ezinezkoa eskatzeko.
Komunismoaren fase “gorena” iristen den bitartean, sozialistek, gizartearen aldetik eta Estatuaren aldetik, lan neurriaren eta kontsumo neurriaren gaineko kontrolik zorrotzena eskatzen dute; baina kontrol honek kapitalisten desjabetzearekin hasi behar du, langileek kapitalisten gainean duten kontrolarekin, eta ez du burokraten Estatu batek gauzatu behar, langile armatuen Estatuak baizik.
Ideologo burgesen (eta beren akolito diren Tseretelitarren, Chernovtarren eta estiloko beste jaunen) kapitalismoaren defentsa interesatua, hain zuzen ere, etorkizun urrun bati buruzko eztabaidekin eta hitzaldiekin gaurko politikaren arazo goriena eta egungoena ordezkatzean oinarritzen da: kapitalisten desjabetzea, herritar guztiak Estatu osoaren “partzuergo” handi bakar bateko langile eta enplegatu bihurtzea, eta partzuergo honen lan guztiaren erabateko mendekotasuna Estatu benetan demokratiko batekiko, langile eta soldadu diputatuen sobieten Estatuarekiko.
Funtsean, irakasle jakintsuek, filistearrek jarraiturik, eta beraien atzetik Tseretelitarrak eta Chernovtarrak bezalako jaunek jarraiturik, utopia zentzugabeetaz, boltxebikeen promesa demagogikoetaz, sozialismoa “ezartzeko” ezinezkotasunaz hitz egiten dutenean, hain zuzen ere komunismoaren etapa edo fase gorenaz ari dira, eta inork ez du hau “ezartzea” hitzeman, inork ez du horretan pentsatu ere egin, zeren, orokorrean, ezinezkoa baita hau “ezartzea”. [...]
—Vladimir Ilitx LENIN, Estatua eta Iraultza, 5.
atalburua