ostirala

Gerra zibila: "1936ko uztaila vs. 1937ko uztaila"


 
Sección Bolchevique-Leninista de España:
1936ko UZTAILA vs. 1937ko UZTAILA

Urte bete igaro da uztaileko egun loriatsuetatik. Gogoberotasunez bizitako urtea, baina baita dezepzio sakon baten urtea da langile-klasearentzat.

1936ko uztaila:
Langileek, ia armarik gabe, matxinada militar-faxista zapaltzen dute hirigune industrial inportanteenetan. Langileek porrota jasan duten lekuetan, hala nola Oviedo, Zaragoza, Sevilla, eta abarretan, “Fronte Popularraren” ordezkariek azken uneraino proletalgoa armatzeari uko egiten ziotelako izan zen. Katalunian, langileek inprobisatzen dute baina etsaia menperatzea lortzen dute, nahiz-eta hauek armetan nagusiago izan eta teknika militarraren esperientzia handiagoa eduki.

1937ko uztaila:
Badajoz, Irun, Toledo, Malaga, Bilbo; traizio kate bat! Baina CNT-FAI eta POUMeko zutabe heroikoak sakabanatuak izan dira; eta bere lekuan “Armada Popularra” ezarri dute, usteldutako monarkia zaharraren kode militarra duelarik. Gure milizianoen gogoa desagertu egin da ofizialen eta soldaduen arteko berdintasunarekin batera. Non dira gure armada gorriaren balentria loriatsuak? Desagertu egin dira, bandera gorri-beltz eta gorriekin batera.

1936ko uztaila:
Langileak fabriken jabe egiten dira, nekazariak lurrena. Esplotatzaileak eta lur-jabeak egotzi eta printzipio berria ezartzen dute: Lan berdina, soldata berdina! Nahiz-eta langileek esperientziarik ez izan eta sabotajeak jasan, ekonomia berria ongi dabil fabrika-komiteen eta sindikatuen kudeaketari esker. Ez da oparotasunik, goserik ere ez, ordea.

1937ko uztaila:
PSUCek CNTren enpresen aurkako kanpaina basati bat darama. “Munizipalizazioa” eskatzen du, baina hori akziodun iheslariei eta atzerriko kapitalistei beren etekinak itzultzeko eta ondoren jabetza pribatua berrezartzeko amarru bat baino ez da. Udalek higiezinen jabeei kalte-ordainak ematen hasten dira. Soldatak eskasak dira, baina espekulatzaileak aberasten dira. Ogia falta da, baina gizarte-maila pribilegiatu berri batek nahi adina luxu aurkitzen du dendetan.

1936ko uztaila:
Langileak kalean nagusi dira, burges-txikiak ikaraturik izkutatzen dira. Langileek, beren klase-senari esker, faxistengandik eta sasipolitikariengandik garbitzen dute atzeguardia. Herri-tribunalek justizia proletarioa ezartzen dute. Kalumniatzaileak ez dira burua altxatzen ausartzen. Prentsa askatasuna dago langileentzat, ez da pertsona zintzorik bere iritzia argiki adierazteko beldur denik.

1937ko uztaila:
Maiatzaren 3ko biktimak oraindik mundu guztiaren gogoan dira. Valentziako okupazio tropak, ofizial atzerakoien agintepean eta errusiar fusilez horniturik, kaleak zaintzen dituzte. CNT gobernutik egotzia izan da, FAI herri-tribunaletatik. Gezur andana ateratzen da PSUCen bulego eta inprentetatik POUM ito nahian, zeinaren buruzagiei (militante iraultzaile beteranoak eta zintzoak) espioi izatea leporatzen dieten. POUM, CNT eta FAIren ehunka militante monarkia zaharraren ziegetan preso daude. 1936ko uztailaren 19ak “Fronte Popularraren” gobernu traidorea desegiten ikusi zuen. Herriaren benetako ordezkariak Milizia Antifaxisten Komite Zentralean bildu ziren, nahiz-eta bat-batean antolatu eta ustekabeko egoera horrek eragiten dituen gabezia guztiak izan. Baina 1937ko uztailaren 19an “Fronte Popularraren” aldekoek boterea berreskuratzea lortu dute, CNT baztertu ostean, honek herrialdeko populazioren gehiengoa eta elementurik hoberenak ordezkatzen dituelarik. “Fronte Popularreko” gobernuak langileei armak emateari uko egiten saiatu zen uztailean. 1937ko uztailean berriz horiek bereganatzen saiatzen da.

Nor da errudun? [...]

—SBLE, Sección Bolchevique Leninista de España (por la IV Internacional): ¡A pesar de todo, viva la revolución española! (19 de julio de 1936 – 19 de julio de 1937); 1937ko uztailaren 19a
La voz leninista, órgano de la Sección Bolchevique-leninista de España (por la IV Internacional).
Barcelona, 5 de abril de 1937