ostirala

SBLE: "Zer nahi dugu guk, trotskistok?" (3)

"Arriba España"..."Viva Russia": Gerra zibileko irudia

“Zer nahi dugu guk, trotskistok?” (3)

7.-       Gure ustez soilik armada zentralizatu batek ziurta dezake garaipena. Baina armada iraultzaile bat izan behar du, non soldadu guztiek dagozkien eskubide politikoen jabe diren, eta non ofizialak hautatuak eta ezeztatuak diren soldaduen batzarretan. Soldata berdina guztiontzat! Buruzagitza bakarra, batzar iraultzailearen gerra-kontseilu baten kontrolpean; era horretako armada batean, soldaduen gogoberotasunak eta zaintza iraultzaileak baliabide material eta teknikoen urritasuna konpentsatuko du. Garaipenaren armada izango da!

8.-       Gutxiengo nazionalek libreki beren buruaren jabe izateko duten eskubidearen alde gaude, baita herri marokoarraren askatasun osoaren alde, banatzeko eskubidea barne. Maroko marokoarrentzat! Dei hori jendaurrean zabaltzen denean, aldi berean Marokoko masa zapalduen altxamendua sustatuko da, horrek armada faxista mertzenarioaren deskonposizioa eragingo du. Errepublika Sozialisten Federazioaren alde gaude, langileriaren interesekin bat etorriko baita. Hertsapenik gabe eratua izan behar da, langile guztien batasun aske eta anaitasunezkoaren bidez.

9.-       Burokrazia stalinistaren aurka borrokatzen gara, Errusian “sozialismoa” eraiki nahi omen duenak Espainian eta mundu osoan iraultza sozialista oztopatuz. Gure helburua Iraultza mundiala da, eta Lur osoan sozialismoa ezartzea (burokrata kasta* batek, Sovietar Batasunean gertatu bezala, konkista proletarioen usurpatzea saihesteko berme bakarra delako). “Esku-hartze ezaren” aurka gaude, III. Internazionalaren herri komisarioek eta II. Internazionalaren ministro burgesek praktikan jartzen dutena. Proletalgoaren parte-hartze iraultzailea eta espainiar iraultza europear iraultza bilakatzea aldarrikatzen dugu.

(*) ”Capa” originalean

10.-     Antolakunde zaharrek kale itsu batera eraman gaituzte. Guztiz konbentzituak gaude barbaro faxisten eta klase kapitalista guztiaren aurkako garaipena zuzendaritza gaitu baten baitan dagoela soilik, bil ditzagun gure ahalegin guztiak, borrokan, egoerak eskatzen duen eginkizunaren mailan jardungo duen alderdi iraultzaile berri bat eraikitzeko. Bere granitozko oinarria Marx eta Engelsen programa zientifikoa izango da, Leninek eta Trotskyk garatu dutena. II. eta III. Internazionalen traizio lotsagarriaren aurrean, iraultzaile kontsekuente guztiak Internazional berri batean bilduko ditugu, IV. Internazionala, iraultza sozialistaren alderdi mundiala izango dena. Bere orbanik gabe banderarekin sozialismoak garaipena erdietsiko du!

                        Burkideak! Badakigu, zuek bezala, gure lehenengo zeregina Francoren aldekoak garaitzea dela. Baina badakizue, guk bezala, garaipen militarra iraultza sozialetik banaezina dela. Gure ustez tamalgarria den politika baten aurka borrokatzen gara, argi eta garbi. Iraultzak aurrera jotzeak ez du lubakietako fronte bateratua ahulduko, aldiz, gure milizianoen borrokarako grina indartuko du. 1936ko gogoa berpiztu behar dugu. Orduko garraz eta gaurko armekin eta esperientziarekin, Espainia sozialista bat, uztarri kapitalistatik libratu dena ospatuko dugu 1938ko uztailean!

                        Gugandik gertu sentitzen diren iraultzaile guztiei dei hau zuzentzen diegu: etor zaitezte gure lerroak indartzera! Argi ditzagun gure desadostasunak eztabaida adiskidetsu batean oinarrituz. Borrokan elkarturik, menperatuko dugu gure etsai komuna!

Behera faxismoa eta kapitalismoa!
Bizi bedi espainiar iraultza proletarioa!
Bizi bedi iraultza mundiala!

—SBLE, Sección Bolchevique Leninista de España (por la IV Internacional): ¡A pesar de todo, viva la revolución española! (19 de julio de 1936 – 19 de julio de 1937); 1937ko uztailaren 19a

Trotsky, Langileen eta Nekazarien Armada Gorriaren sortzailea.
Sovietar langileek, klase-independentzia mantenduz,
Armada Zuria azpiratu eta inbaditzaile inperialistak menperatu zituzten.