ostirala

SBLE: "Zer nahi dugu guk, trotskistok?" (2)


Guerra Civil: Tren lleno de milicianos. Bandera del centrista POUM y símbolo de la anarquista AIT
“Zer nahi dugu guk, trotskistok?”(2)

2.-       Proletalgoa boterea bereganatzeko baldintzetan ez den bitartean, langileen eskubide demokratikoak defendituko ditugu erregimen kapitalistaren edo iragankorra den baten markoan. Horregatik aldarrikatu izan dugu publikoki, inongo azpijokorik gabe, CNT-FAI-POUM arteko borroka fronte bakarra; inoiz ez dugu onartuko klase-etsaiak langileen erakundeak suntsitzea, nahiz-eta gure arerio politikoak izan. Atzo POUM babestua izatea defenditu genuen, gaur FAI herri-tribunaletatik kanpo uztea protestatzen dugu, eta bihar CNT defendituko dugu armak eskuetan. Langile-demokraziaren aldeko ginen eta izaten jarraitzen dugu.

3.-       Langileen, nekazarien eta soldaduen batzar(1) iraultzaileen eraketaren alde azaltzen gara. Batzar horiek demokratikoki hautatuak izan behar dira auzo guztietan, herrietan, landagunean. Ordezkariak edozein unean ezeztagarriak izan behar dira, gehiengoak hala erabakitzen badu. Hala, masen benetako gogoa errazago hautematen da. Batzar horiek iraultzaren konkisten defentsa, ordena publikoaren zaintza, eta ekonomiaren eta banaketaren kontrolaren ardura izango dute. Alderdi bakoitzak bere irtenbideak aurkeztuko ditu, masek erabakiko dute.

(1) “Junta” originalean = Batzar, soviet.

4.-       “Fronte Popularra” deritzon gobernuaren aurka gara, zeinean, egia esanda, herriaren gehiengo osoak ez duen ordezkaririk. Klaseen arteko kolaborazioaren aurka gaude, langile-klasearen aurkako gaitz bat delako. Horrelako gobernu baten kapitulazioek traizioa ekarriko dute, ezinbestean. Irtenbide bakarra batzar iraultzaileetan oinarritzen den gobernu bat eratzea da, batzar guztietako ordezkariekin biltzar bat deituz, langileen-, nekazarien- eta soldaduen- batzarren komite zentral bat aukeratu dezan, herrialdearen zuzendaritza bere esku hartuko duena. Era horretako batzar iraultzaile batean ezingo da traidorerik izan, eta gerra, behingoz, garaipenarekin amaitzeko gai izango da.

5.-       Gure helburua kapitalisten desjabetze osoa da. Orain arte ez dituzte bankuak ukitu, kanbioa gobernu burgesaren kontrolpean dago. Zeharo arbuiatzen dugu PSUCek sutsuki aldarrikatzen duen “munizipalizazioa”, zeren errealitatean enpresak sindikatuen eskuetatik kentzea esan nahi du gobernu atzerakoiaren kontrolpean uzteko. Gure aldarria erabateko sozializazioa eta kanpo-merkataritzaren monopolioa ezartzea da batzar iraultzailearen Kontseilu ekonomiko baten zuzendaritzapean.

6.-       Lurraren nazionalizazioa eskatzen dugu, hots, lur-jabetzaren abolizioa. Lukurariek behin-betiko nekazarien lurrak hartzeko aukera galduko dute. Nekazaritza-enpresen kolektibizazioaren alde gaude, baldin-eta nekazariek  hertsapenik gabe onartzen badute. Lursailen banaketa nekazarien batzarren bidez egin behar da, honako printzipio honetan oinarrituz: lurraren jabetza lurra lantzen duenarentzat (la tierra para el que la trabaja).

—SBLE, Sección Bolchevique Leninista de España (por la IV Internacional): ¡A pesar de todo, viva la revolución española! (19 de julio de 1936 – 19 de julio de 1937); 1937ko uztailaren 19a