asteazkena

Norena da errua?


Zentristak
Seccion Bolchevique-Leninista de España:
NORENA DA ERRUA?

«POUMek marxistatzat du bere burua, baina sekula ez da izan, sekula trotskista izan ez den bezala. Beren buruzagiak marxismo iraultzailearen eta erreformismoaren artean kulunkatu dira beti»
 
«“gobernuen aurkakoek” gobernu (burgesean) sartzea eskatzen dute, “antimilitaristek” armada (burgesean) ordezkaritza izatea eskatzen dute, “antipolitikoek” buru-belarri sartu dira politika (burgesean). Ministro eta buruzagi anarkistek beren jarrera zuritzen saiatu dira» 

I

raultzaile kontsekuente orok emaitza tamalgarri horretara iristeko nola izan den posible galdetzeko eskubidea du. Bistan da espainiar herriak ez duela errurik, batez ere proletalgoari dagokionez, inoiz ez bezalako heroismoz borrokatu duelako, botere guztia beren buruzagien esku utziz. Baina azken horiek, euren boterea burgesiaren hondakinen aurka erabili beharrean, nahita partekatu zuten berekin, Companys, Tarradellas eta abarri beren indar eta ospearen parte bat emanez. CNT eta POUM gobernu burgesean sartu ziren, hots, klase-kolaborazioari ekin zioten. Esplotatzaileen eta esplotatuen arteko batasuna gauzatzea nahi izan zuten, ura eta sua elkartzea bezain zaila dena.

Azken hamabi hilabeteetan egin duen politikagatik, ukaezina da CNTk frogatu duela gaitasunik ez duela langileak behin-betiko garaipenera gidatzeko. CNTk arlo ekonomikoan egin duen lana gutxiestetik urrun gaude, bere ahalmen eraikitzailea frogatzeko gai izan delako. Baina bestalde, praktikan egiaztatu du, ondo beharrez eginagatik ere, ezinezkoa dela sozialismoa eraikitzea klase-etsaiaren ordezkariei botere politikoa uzten bazaie.

Langile anarkistei izua sortarazten die “botere” hitzak, eta baita “politiko” hitzak ere. Baina halabeharrezko litzateke, aurreiritziak bazterrean utziz, ulertuko balute “botere politikoa” armadaren, poliziaren, administraritzaren eta abarren zuzendaritza besterik ez dela. CNTren apolitizismoak ez du eragin politikaren desagerpena, baizik-eta auzi publikoen kudeaketa PSUCeko atzerakoien, edo Esquerra-ren edo beste batzuen esku uztea soilik. CNT-ren antiestatismoak ez du eragin estatuaren abolizioa, baizik-eta estatuaren indar hertsatzaile guztiak (polizia, armada, espetxeak) proletalgoaren eskutatik burgesiarenetara joatea soilik. CNTren antimilitarismoa utopikoa dela ikusi da. Auzi guztia armada jeneral burgesen edo, aldiz,  proletalgoaren konfidantzazko diren buruzagien agintepean dagoen jakitean datza. Baina ministro cenetistak, “antimilitaristak” teorian, militarizazio burgesaren aldeko dekretua sinatu dute. CNTren antiautoritarismoak ez ditu tiranoak deuseztu, aldiz, tirano berriek tirano zaharren lekua hartzea eragin du zeharka.

Laburtuz, CNT proletalgoaren diktaduraren aurka dago. Baina hori herri langilearen gehiengo zabalak botereaz jabetzea baino ez du esan nahi, burges gaizkile bakar batzuen aurka joz eskubide politiko guztietaz gabetuz, bestela botereaz jabetuko liratekeelako kontrairaultza sustatzeko. Proletalgoaren diktadura langileen-, nekazarien- eta soldaduen- komiteen bitartez gauzatutako benetako langile-demokrazia baino ez da. “Diktadura ororen” aurkako teoria anarkista negargarriak, ondorio bezala, gaur egun burgesiaren diktadura bortitzaren-pean egotea eragin du.

Burkide anarkistak! Onartu behar duzue, errealitatearen beharren aurrean, CNTk eta FAIk beren teoria guztiak sakrifikatzera behartuak izan direla: “gobernuen aurkakoek” gobernu (burgesean) sartzea eskatzen dute, “antimilitaristek” armada (burgesean) ordezkaritza izatea eskatzen dute, “antipolitikoek” buru-belarri sartu dira politika (burgesean). Ministro eta buruzagi anarkistek beren jarrera zuritzen saiatu dira, zintzotasunagatik beren printzipio propioak sakrifikatzera iritsi direla esanez. Baina, zertarako dira iraultza batean erabili ezin diren “printzipio iraultzaileak”? Pikutara bidali eta beste batzuk bilatu behar dira!  

POUMek, CNT eta FAIrekin alderatuta, bigarren mailako papera besterik ez du izan proletalgoaren zuzendaritzan. POUMek marxistatzat du bere burua, baina sekula ez da izan, sekula trotskista izan ez den bezala. Beren buruzagiak marxismo iraultzailearen eta erreformismoaren artean kulunkatu dira beti. Beren ekintzak eta hitzak beti erakutsi dute kontraesan nabarmen bat. Teorian, POUM, proletalgoaren diktaduraren aldeko zen. Praktikan gobernu burgesean sartzen zen. Hitzez, POUM, armada politiko iraultzaile baten aldeko zen; baina ekintzez, militarizazioaren dekretua sinatu zuen. Hitzez, maiatzaren 3ko borroka goretsi du, baina borrokaren unerik gorenean, eta artean inongo emaitzarik lortu ez zelarik, langileek barrikadak utzi zitzaten aholkatu zuen, CNTk eta FAIk bezalatsu. POUMek bere tesietan soldadu-komiteen beharra aitortzen zuen, baina beren buruzagiek trotskistak kanporatzen zituzten beren lerro propioetan sortzen saiatzen zirelako. POUM Internazional berri baten alde agertzen zen, baina inoiz ez zuen biltzar bat antolatu auzi hori eztabaidatzeko.

Erreakzioak POUM zapaldu du, proletalgoak ezertxo ere egin gabe. Iraultzaile orok —langile zintzo oro barne— POUMeko burkide guztiak defendatzeko betebeharra du. Baina era berean honako gogoeta hau egin behar du: POUMek ez du proletalgoa zuzentzeko lana burutzen jakin. Beti CNTren buruzagien atoian joan da. Politikoki hain itsua izanda ez du ezta bere defentsa propioa antolatzen jakin. POUMen heriotza goiztiarra izan da, proletalgoak porrot erabakigarri bat jasan baino lehenagokoa.

Iragan den urtearen ikasbide inportanteena hau da: proletalgoak, bere heroismoa eta borrokarako gogoa hainbeste aldiz erakutsi duenak, ez du zuzendaritza trebe bat izan. Armada heroiko bat eraiki du, baina Estatu Nagusirik gabekoa, eta bere gabezia dela-eta bere indarrak sakabanatu egin ziren nahitaez. Bere berehalako zeregina —borrokan murgildurik—  zuzendaritza berri bat sortzea da, benetako alderdi iraultzaile marxista berri bat izan behar duena ezinbestez, akats zahar eta krimen zaharren zamarik ez duena, oportunismo ororen eta kontziliazio gogo guztietaz libratu dena,  bere barne demokraziak pentsamendu-askatasuna eta ekintza disziplina zorrotzena bermatzen duelarik. Alderdi berri horren elementuak jada existitzen dira. POUMeko hondarren artean aurkitzen dira (non Komite Exekutiboaren koldarkeria zorrozki kritikatzen zuen fakzio ezkertiar bat sortu zen), baita anarkisten artean (batez ere “Durrutiren Lagunen” artean) eta Juventudes Socialistasen artean ere (non burkideak stalinisten ibilbide kontrairaultzailearen aurka altxatzen diren). Gogo iraultzaileaz adoreturiko burkide horiek ez dituzte oraindik atera beren esperientzia garratzaren azken ondorioak. Trotskistekin argi eta garbi elkarlanean aritzeaz zalantza egiten dute, jakinaren gainean edo ez, stalinistek trotskisten aurka zabaltzen dituzten kalumnia ikaragarrien eraginpean daudelako. Horrexegatik, hain zuzen ere, are beharrezkoagoa da herriari argitzea zer den trotskismoa.

—SBLE, Sección Bolchevique Leninista de España (por la IV Internacional): ¡A pesar de todo, viva la revolución española! (19 de julio de 1936 – 19 de julio de 1937); 1937ko uztailaren 19a

Alderdi Komunista